Eguerdiko 12:10 inguruan hasi da Ertzaintza Orioko kaleak ixten, antza, arazo psikologikoak dituen 75 bat urteko gizon bat bere etxean sartuta zegoelako, arma batekin. Balearen, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleak itxi dituzte eta inguruko bizilagunek ezin izan dute etxeetatik atera eta sartu. Hiru kaleetako komertzioetan zeuden herritarrek barruan itxaron beharra izan dute Ertzaintzak 14:00ak aldera ateratzeko abisua eman dieten artean. Kaleek, ordea, itxita jarraitu dute Ertzaintzaren auto eta furgonetez beteta eta, bitartean agente gehiago iritsi dira gertaeraren tokira.
Ertzaintzako negoziatzaileak lanean aritu dira gizona etxetik atera nahian. Azkenean, arratsaldeko 16:21ean lortu dute, onik, etxetik ateratzea. Anbulantziako bi langileren eta ertzainen artean lortu dute esku-ohe batean anbulantziara eramatea. Gogoz kontra mugitu dute, anbulantziara sartzerakoan garrasika aritu da gizona.
Ezbeharra amaituta, ireki dituzte berriz ere herriko hiru kaleak eta errepideak.
Oraingoz ez dute zehaztasun gehiago eman.