Lacadena oriotarraren 'Andre Gobadaria' eskultura jarri dute Astigarragan

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 11

Ibaiertzean, belaunetaraino uretan sartuta, arropa garbitzen zuten emakumeak omendu nahi izan ditu Maria Jose Lacadena eskulturgile oriotarrak.

(Utzitako argazkia)

Azaroaren 29an Andre Gobadaria izeneko eskultura jarri zuten Astigarragan, Urumea ibaiaren ondoan, inauguratu berria den Ibai parkean. Eskultura Maria Jose Lacadena eskultore oriotarrak sortu du, eta haren bidez, Astigarragako Udalak garai bateko emakumezko arropa-garbitzaileak ekarri nahi izan ditu gogora; hain zuzen, Urumea ibaiaren ertzean arropa garbitzen aritzen ziren emakume haiek.

Lacadena oriotarraren eskultura aukeratu zuen Astigarragako Udalak emakume garbitzaieei omenaldia egiteko, haren eskulturak ondo jasotzen duelako emakume haiek egiten zuten «lan gogorra», eta ondo batzen dituelako lan haren osagarriak: emakumea, arropak, ibaiko ura eta lanerako erabiltzen zuten ohola.

"Lan gogorra"

Urumea ibaia eta Astigarraga «lotuta» egon direla beti azaldu zuen herriko alkate Xabier Urdangarinek eskulturaren inaugurazio ekitaldian. «Bizitza handia izan du errio bazterrak, eta lan eta jarduera asko garatu dira bertan. Horietako asko gizonek eta emakumeek egiten zituzten, baina bazen bat emakumeek bakarrik egiten zutena: errio ertzean arropa garbitzea». Izan ere, Astigarragako emakume garbitzaileak ezagunak ziren, Donostiara joaten ziren aristokraten arropa garbitzen zutelako. «Emakume horiei merezi duten aitortza egin nahi diegu», adierazi zuen Urdangarinek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide