Babestutako alokairuko 55 etxebizitza egingo dituzte Orioko Munto eremuan

Aiora Larrañaga 2019ko abe. 11a, 10:57

Orioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatuko dute urtea amaitu baino lehen. Epeak betez gero, etxebizitzak 2024ko abendurako bukatzea espero dute.

(Intza Unanue Arruabarrena)

Orioko Udalbatzak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmena sinatuko dute, azken horrek Orion alokairuko babes ofizialeko 55 etxebizitza egin ditzan. Etxebizitza horiek Munto eremuan egingo dituzte, hain zuzen, egun behin behineko aparkalekua dagoen lursailean.

Gainera, oriotarrek lehentasuna izango dutela etxeak hartzerakoan , eta etxebizitzaren bat soberan geratuko balitz, interesatuta dauden eta baldintzak betetzen dituzten gainontzeko herritarren artean egingo luketela zozketa.

Oriotarrek lehentasuna

Orioko Udalak 541.424,10 euroan salduko dio lursaila Eusko Jaurlaritzari (BEZ gabe). Aurreikuspenen arabera, hitzarmena abenduan izenpetuko dute, eta partzelaren salmenta 2020ko ekainean egingo da. Bestalde, eraikina bideratzeko exekuzio proiektua 2021eko ekainean abiatuko dute, eta obrarekin 2022ko irailean hastea da asmoa. Obraren amaiera, berriz, 2024ko abendurako aurreikusi dute.

Bestalde, obra bukatu eta gero, Eusko Jaurlaritzak B eraikineko lokal baten erabilera doan lagako dio Orioko Udalari. Lokal horrek gutxi gora behera 400 metro koadro izango ditu, eta ekipamendu publikorako erabiliko dute.

"Priederi eskerrak"

Munto eremuan babestutako alokairuko etxebizitzak eraikitzeko proiektua aurreko agintaldian jarri zuen martxan Orioko Udalak. Txostena igorri zioten erakundeko ordezkariek Eusko Jaurlaritzari 2019ko martxoko hirigintza batzorde informatzailean hartutako erabakiak betez. 

Jaurlaritzak orain dela gutxi erantzun du, esanez prest dutela dokumentazio guztia, eta Orioko Udalbatzak alkatea hitzarmena izenpetzeko baimendu behar duela. 

Udal taldeek aho batez onartu zuten puntua azaroko ohiko udalbatzarrean. Udal Gobernuko kide den Beñat Solaberrietak azpimarratu egin zuen Ana Priede PSE-EEko zinegotziak proiektua aurrera atera zedin egindako lana. "Guretzat oso garrantzitsua da herrian babestutako alokairuko etxebizitzak egitea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatzea. Garrantzitsua iruditzen zaigu hitzarmena lortzeko lana egin duten lagunen izenak aipatzea. Eskerrak eman nahi dizkiogu Iñaki Arriola sailburuari eta, batez ere, Ana Priede zinegotziari. Borondate politikoa denok dugu, baina proiektua mahai gainean jartzeko ekin egin behar da, eta Priedek prozesua azkartzea lortu du". 

Solaberrietak azaldu zuen lau-bost urte igaro ondoren "denok desio ditugun" alokairuzko etxebizitzak izango direla Orion, "askori 2024a urrun dagoela iruditzen bazaie ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide