Ostegunean ohiko udalbatzarra egin zuten Orion, eta udal taldeek lehen onarpena eman zioten 2020rako Orioko udal aurrekontuari, aho batez. Hala, 8.044.732 euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak datorren urterako, eta 807.223 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Orain, aurrekontuak jendaurrean egon beharko du hamabost laneguneko epean, behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lanegunetik zenbatzen hasita. Alegaziorik aurkeztuko ez balitz, lehen onarpena behin betikoa bihurtuko da, inongo erabaki berririk hartu gabe.
Anuska Esnal alkatearen esanetan, "aurrekontu arrakastatsuak" dira onartu dituztenak, batetik, "denborak errespetatu" dituztela uste duelako. "Historikoki, aurrekontua garaiz onartzeko zailtasuna egon da beti Orion eta, ondorioz, urtearen lehen zatian lan egin ezinik geratzen zen udala. Horregatik, hasieratik argi genuen azaroan onartu nahi genituela 2020rako udal aurrekontuak, eta horretan saiatu gara. Abuztuan hasi ginen sukaldeko lanak egiten, eta gai izan gara aurrekontuak azaroan onartzeko".
Bestetik, alkateak azaldu zuen EH Bilduk duela bi hilabete aurkeztu ziela bere proposamena gainontzeko alderdiei, eta orain arte beste hiru taldeekin aurrekontuak negoziatzen aritu direla, aho batez onartu ahal izateko. "Eskerrak eman nahi dizkiet EAJri, PSE-EEri eta Oraini egin duten ahaleginagatik".
Bukatzeko, aurrekontu "aurrerakoiak" direla ere azpimarratu zuen Esnalek. "Aurrekontu aurrerakoiak dira gizarte zerbitzuen arloan, kulturan, hezkuntzan eta euskaran, besteak beste. Aitortu behar dut niri lanean eta elkarlanean jarraitzeko ilusio handia piztu didatela".
Adostasunerako prest
EAJko kide Andoni Torresek Esnalen lekukoa hartu zuen udalbatzarrean, eta aurrekontuak adosteko alderdiek izan duten jarrera nabarmendu zuen. "Jakin bagenekien hainbat proiekturi uko egin beharko geniela adostasunera iristeko. Guk, esaterako, herritarrekin hartu genituen hainbat konpromiso bideratu ditugu dagoeneko; hala nola parke estalia egiteko konpromisoa, herri baratzak sortzeko proiektua, hondartzako bidegorria edo udal musika banda sortzeko proiektuak bultzatzea, besteak beste. Beste zenbait proiektu mahai gainean geratu dira, eta horiek hurrengo urteetan egiten saiatuko gara", azaldu zuen EAJko kideak.
PSE-EEko Ana Priederen iritziz, 2020ko aurrekontuen bereizgarri nagusia "gizarte arloko partidak indartzea" izan da. "Etxez etxeko eta larrialdietarako laguntzaren partidak handitu ditugu, eta uste dut horrek behar gehien dituzten herritarren egoera hobetzen lagunduko duela. Izan ere, gizarte arloko partidetan ia dirurik gabe eta larrialdietarako eskaera mordoarekin iritsi gara 2019. urtearen bukaerara; horietako asko oinarrizko beharrei aurre egiteko eskaerak izan dira, Orioko errealitatea nahiko gogorra baita". Horregatik, Priederi ezinbestekoa iruditzen zaio agintaldi honetan Gizarte-Ongizate Saila indartzea. "Zenbait egoeraren aurrean neurriak hartzen hasi behar dugu, bestela, ez egin izanaz damutuko gara hemendik urte batzuetara. Hau da horretarako une egokia, alderdion adostasuna eta horretarako behar diren baliabideak baititugu".
Orain ere "gustura"
Orain plataformako Joxe Anjel Iparragirreren iritziz, aurrekontu "onak" dira, besteak beste, beren programan aurkeztu zituzten konpromiso gehienak lehen urtean bideratuko dituztelako. "Horrez gain, onak dira, alderdiok adostasunera iristeko nahia izan dugulako uneoro. Eskuzabalak izan zarete denok, eta eskertzekoa da; hala, urtarriletik aurrera martxan segitzeko aukera izango dugu. Oraingoz paperean ditugu, baina proiektuak errealitate bihurtu daitezen gogor lan egin beharko dugu urtean zehar".
Bestalde, "isilpean lan" egiten duten Orain plataformako kideak ere izan zituen gogoan Iparragirrek hitzartzean. "Astelehenero taldekideekin elkartu naiz, udaleko gaiak landu eta horiez eztabaidatzeko; tartean aurrekontuak ere izan ditugu hizpide. Eskerrak eman behar dizkiet taldekideei eman didaten babesagatik".