Gaur arratsaldean elkartu dira Kepa Peñagarikano eta Josean Olaskoaga Aizperro Azpeitiko Mendizabal tabernan, bien arteko desafioa hitzartzeko. Ordu eta laurden behar izan dituzte akordiora iristeko, tirabirak tarteko. Lehen eztabaida 100 kiloko bola zenbat altxaldi eman izan dute; pilotari ohiak 45 altxaldi proposatzen zituen; arraunlari ohiak, ordea, 25 altxaldi. Azkenean, 35 altxaldi egitea hitzartu dute. Aizkorako lanean kana-erdiko sei enbor moztu beharko dituzte; Peñagarikanok, baina, hasieran bost kana-erdiko izatea proposatu du. Gero, korrikako probaren inguruan izan dute desadostasuna: azpeitiarrak 4 kilometro proposatu ditu, eta, aldiz, oriotarrak 5 kilometro. Azkenean, erdi bitartekoa erabaki dute: 4,5 kilometro korrika egitea. Ondorioz, desafioan egin beharreko lana honakoa izango dute: 100 kiloko bolari 35 altxaldi egitea, aizkoran kana-erdiko sei enbor moztea eta 4,5 kilometro korrika egitea.
Egurrak nork eramango dituen zozketaz erabaki dute: Aizperrok lau egur eramango ditu eta Peñagarikanok gainontzeko biak.
Datorren urteko martxoaren 14-15eko asteburuan jokatuko dute desafioa, baina ez dute lekua zehaztu. Jokatuko duten diruaren gainean ere akordioa lotu dute bi kirolariek; bakoitzak hiruna mila euro jarriko ditu. Gaur bertan jarri dute milana euroko seinalea. Gainontzekoa, apustuaren eguna baino bi egun lehenago jarri beharko dute biek. Proba bukatutakoan, berriz, dopin proba egin beharko dute biek.