Azaroaren 23an, larunbata, Dispertsioff ekimena egingo dute Orion, bosgarren urtez jarraian. Hala, dispertsio politika salatuko dute berriro, baita euskal presoen eskubideen aldeko aldarria gizarteratu ere. Egun osoko egitarau zabala izango da aurten ere, goizetik hasita.
Egitaraua
- 10:00. Mendi martxa, Usurbildik Oriora, Xua gurasoekin etxera izenpean. Bordatxo errotondatik irtengo dira martxa oinez egingo dutenak, 09:30ean. 10:30ean izango da korrikalarien txanda, eta 11:00etan txirrindulariena.
- 12:00. Mendi martxari ongi etorria, Orion. Lekuko aldaketa egingo dute autopista azpian, eta ondoren, ekitaldia izango da, Orioko Ikastolako plazan.
- 14:30. Herri bazkaria Etxeluze gaztetxean, musikaz girotuta. Babarrun jana egingo dute bertaratzen direnek, eta aukera beganoa ere egongo da.
- 20:30. Kontzertuak. Rodeo (Zestoa), Kaskezur (Elizondo), Arrotzak (Donostia), Hart (Azpeitia) eta Tropical Ice land taldeak.
- 02:00. DJen saioa, goizaldera arte.
Sarrerak salgai daude, jada, Gabon, Aterpe eta K2 tabernatan. Bazkarirako sarrerak 20 euro balio du; 5 euro haurren kasuan. Kontzertuetarako sarrerak, aldiz, 8 euroan izango dira eskuragarri. Bazkarirako eta kontzertuetarako sarrera batera erosita, 25 euro ordaindu beharko dituzte interesa dutenek.