Orioko Udalak eskatuta, Orioko pobreziari buruzko azterketa egin zuen SIADECO Ikerketa Elkarteak 2018. urtean. Hain zuzen, herriko pobrezia, desberdintasunak eta gizarte-bazterketa ikertu zituzten.
Horretarako, gaiaren inguruan Europa osoan erabili ohi diren adierazleei buruzko informazio kuantitatiboa bildu zuten, inkesten bidez. Ondoren, metodologia kualitatiboak erabili zituen informazio hori osatzeko, eta herriko informatzaile kualifikatuen azalpenak eta hausnarketak jasotzeko.
Egindako lana Pobrezia, desberdintasuna eta gizarte-bazterketa Orion izeneko txostenean jaso zuen SIADECOk, eta udaleko Gizarte Ongizate Batzordeari aurkeztu zion.
Jendaurreko aurkezpena
Orain, azterketaren emaitzak jendaurrean aurkeztuko dituzte Orioko udalak eta SIADECOk. Aurkezpen-ekitaldia azaroaren 12an, asteartea, izango da. 19:00etan jarri dute hitzordua, kultur etxeko areto nagusian. Aurkezpena irekia izango da gaiarekin interesa duten guztientzat.