Joan zen larunbatean, urriak 12, Lea-Artibaiko 36. Urriko Azoka Nagusia izan zen Markina-Xemeinen. Egun horretarako prestatutako egitarauaren barruan, Euskal Herriko 24. Blonda Txapelketa jokatu zuten, eta sariketan parte hartu zuten Azpeitiko eta Orioko hainbat baserritako ordezkariek eta beren abereek. Eskualdeko baserritarrak ez ziren sariketatik esku hutsik itzuli.
Azpeitiko Eizmendi baserriko Luzia Orbegozoren Nekane abelburuak sari berezietatik bi sari eskuratu zituen: behi txapeldunaren saria eta hazitik sortutako animalia onenaren saria. Orioko Longa baserriak, berriz, ikuilu onenaren saria eskuratu zuen.
Sailka banatutako sarietan berriz, nabarmendutako abereen artean izan ziren Azpeitiko Agite eta Eizmendi baserrikoak eta Orioko Longa baserrikoak. Epaimahaiko kideen arabera, aurten Markina-Xemeinen ikusi ahal izan diren animaliak "sekulakoak" izan dira; "Ez da erraza horrelako animalia ederrak ikustea. Maila oso altua izan da, eta irabazleak aukeratzea ere ez da lan erraza izan". Txapelketako sailkapena eta argazki bilduma osorik, Lea Artibaiko Hitzan.