Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken aurreko kanporaketa izan zen atzo, igandea, Elgoibarren, eta bertan izan ziren Jokin Uranga azpeitiar eta Iñaki Gurrutxaga oriotar bertsolariak. Ane Labaka nagusitu zen atzoko saioan, baina haren atzetik sailkatu zen Uranga, eta lortutako puntuak aski izango zaizkio txapelketaren hurrengo fasera igarotzeko; izan ere, azpeitiarrak 443,5 puntu batu zituen saioan. Gurrutxaga, berriz, laugarren izan zen 430 punturekin, eta hura ere hurrengo fasean izango da.
Epaileek hala erabakita, honako hau izan zen atzoko saioko sailkapena: Ane Labaka (458,5 puntu –orain arteko puntuazio altuena–), Jokin Uranga (443,5 puntu), Eñaut Martikorena (437 puntu), Iñaki Gurrutxaga (430 puntu), Unai Gaztelumendi (424,5 puntu) eta Endika Igarzabal (403,5 puntu).
Final zortzirenetako saioetako irabazleak zuzenean sailkatzen dira hurrengo fasera, eta gainerako hamazazpiek puntuazioaren arabera egingo dute aurrera. Beñat Lizasok Ordiziako saioa irabazi zuen, eta zuzenean lortu du final laurdenetarako txartela. Dena den, final zortzirenetako saio baten faltan argitu da zeintzuk izango diren eskuratutako puntuei esker txapelketan aurrera egingo duten bertsolarietako batzuk. Urangaz eta Gurrutxagaz gain, matematikoki sailkatu dira Iñigo Mantzizidor Mantxi (432,5 puntu) eta Felix Zubia (428,5 puntu) bertsolari zarauztarrak.
Azken final zortzirenetako saioaren zain egon beharko dute puntuazioaren arabera sailkatutako bertsolariek hurrengo fasean non abestuko duten jakiteko, baina Lizasok dagoeneko badu hurrengo hitzordua: urriaren 20an Ordizian abestuko du. Azken final zortzirenetakoan eskualdeko hiru bertsolarik abestuko dute datorren zapatuan, Lasarte-Orian. Hain zuzen ere, Unai Izagirre azkoitiarraren, Aitor Salegi zestoarraren eta Oier Aizpurua zarauztarraren txanda izango da.
Hainbat bertsolari txapelketatik kanpo gelditu da; tartean, eskualdeko batzuk. Ez dute lehian jarraituko Oier Etxeberria azpeitiarrak, Aitor Urbieta zarauztarrak, Ainhoa Agirreazaldegi zarauztarrak eta Beñat Jauregi zarauztarrak.