Hasi dira Orioko Gazte Festak

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 28a, 13:11

Atzo gauean hasi zituzten Orion 10. Gazte Festak, ohiko danborradarekin. Pirataz jantzita, dozenaka gazte atera zen danbor jotzen, Gaztetxetik, 21:30ean puntuan. Aurreneko geldialdia Kabi tabernaren parean egin zuten, Endaia plazan.

Herri indigenen aldeko eta konkistatzaileen kontrako diskurtso bat irakurri ondoren, gazte batek eskailerara igo eta Endaia plaza zioen plaka kendu zuen, haren partez beste bat jartzeko: Sorgin plaza.

Ibilbidean zehar, beste lau kaleri aldatu zioten izena: Almirante Oa-ri Gaupasero kalea jarri zioten; Aritzaga kaleari, Euskara kalea; Antxiola kaleari Inude kalea; eta, azkenik, Urdaire kaleari, Kixkurne kalea.

Gaur jarraituko du festak, eguerditik gauera arteko egitarauarekin. Bihar, berriz, hitzordu bakarra egongo da arratsaldean, eta horrekin amaituko dute aurtengoa.

EGITARAUA

Irailak 28, larunbata


12:00. Paella lehiaketaren hasiera, Etxeluze gaztetxearen kanpoaldean. Kamisetak ordu horretan banatuko dituzte.
14:00. Paellak aurkeztuko dituzte lehiaketako parte hartzaileek. Aurkeztu ahal izateko, paellak beganoa izan beharko du. Gero, presoen aldeko argazkia aterako dute.
Jarraian, Hemenbauen batukada arituko da herriko kaleetan barrena. Tartean, jolasak izango dira.
Goizaldean, diana.

Irailak 29, igandea


18:00. Argazki emanaldia, Etxeluze gaztetxean. Herriko gazteek asteburuan zehar atera eta bidali dituzten argazkiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Parte hartu nahi dutenek, 650-31 78 95 telefono zenbakira bidali ditzakete argazkiak, Whatsapp bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide