'Xua gurasoekin etxera' abestia aurkeztu dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2019ko irailaren 28a

Zigorraren hiru laurdenak beteta dituzte Patxi Uranga (Orio) eta Olatz Lasagabaster (Usurbil) ETAko presoek. Ordea, Valentzian jarraitzen dute preso, eta Lasagabasterrekin bizi da beraien alaba Xua. Urtarrilean hiru urte beteko ditu horrek, eta ezingo du espetxean bizitzen jarraitu, legeak debekatu egiten baitu.

Laster etorriko den banaketa gogor eta bidegabea salatzeko, Xua gurasoekin etxera ekimena abiatu du Usurbil, Orio eta Zarauzko herritar talde batek.

Besteak beste, abesti bat sortu dute auzolanean hainbat musikarik, eta atzo egin zuten lanaren aurkezpena, Orioko herriko plazan, hileko azken ostiraleko elkarretaratzearen ondoren. Jende ugari bertaratu zen, asko seme-alabekin. Hantxe izan ziren bi presoen senitartekoak ere, baita Orioko EH Bilduren udal ordezkariak ere, tartean Anuska Esnal alkatea.

Ikus-entzuleak hunkitu egin ziren bozgorailuetatik abestia jarri eta herriko lau dantzarik koreografia egin zutenean. Amaieran txaloak, baina inor ez zen bere tokitik mugitu denborale batean, hunkituta artean.

Antolatzaileetako batek gogorarazi zuen sinadura bilketa abiatu dutela Xua eta gurasoen egoera jakinarazi eta hirurak aske Euskal Herrira ekartzeko eskatzeko. Eskaerarekin bat egiten duenak, bere izena eman dezake Change.org atarian.

Hau da abestia:

[audio mp3="https://urolakosta.hitza.eus/site/files/2019/09/xuakanta.mp3"][/audio]

Jende askok hartu du parte abestia eta koreografia prestatzen, eta antolatzaileek denen izenak aipatu nahi izan zituzten. Hala ere, azpimarratu zuten askoz jende gehiago ari dela lan isila egiten Lasagabaster-Uranga familiaren alde.

Hau da antolatzaileek emandako zerrenda:

Orioko Amasoain baserrian grabatu zen abestia, eta Orioko, Usurbilgo eta Zarauzko hainbat musikarik hartu du parte lanean.

  • Abestiaren sortzailea: Unai Odriozola
  • Abestiaren doinua: Iñaki Gurrutxaga
  • Gitarra 1: Unai Odriozola
  • Gitarra 2: Aitor Pagola
  • Bateria: Imanol Arruti, Txabola
  • Bajua:  Harkaitz Iparragirre, Kale
  • Ahotsak: Andrea Lopetegi, Jon Itxaso eta Fer Apoa
  • Hitzak: Xabier Sukia
  • Soinu teknikaria: Murray
  • Grabaketarako beharrezko materiala: Mattin Epelde.
  • Haitzgaña baserriko jendea: Iboni, Aratz, Amaia, Murgi, Jon eta Balerdi).

Koreografia prestatu eta dantzatu dutenak, berriz, lau oriotar dira: Ainhoa Urkizu, Joseba Orella, Laida Iturralde eta Ekiñe Saizar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide