Orion 2010. urtean ospatu zituzten Gazte Festak aurrenekoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, «hasieran, gaztetxea okupatzeko gazte mugimendu gisa sortu ziren jaiak». Dena den, «herriko belaunaldi desberdinak biltzeko izan zuten arrakasta ikusita», urteroko hitzordu bilakatu ziren Gazte Festak. Urte luzez, baina, gazte gutxi batzuen gain izan dira prestaketa lanak, eta egoera ikusita, antolaketa bertan behera uztea erabaki zuten. Bestelakoa izan da, baina, jaien aurtengo patua. Herriko gazte talde batek bat egin zuen 2010. urtean sortutako olatuarekin, eta antolaketa lanak hasi zituzten. «Boluntario ugari bildu da aurten, lanerako gogo handiarekin, gainera», diote Gazte Festetako batzordeko kideek. Hala, festak bertan behera geratzea saihestu ez ezik, egun bakarreko egitaraua atzean utzi eta hiru egunekoa prestatu dute. Aldaketekin eta indarberrituta datoz, beraz, 10. Gazte Festak.
Hiru egun
Piraten Danborradak irekiko ditu jaiak, ostiralean. 21:30ean Etxeluzen hasiko da martxa, eta gero, herriko kaleetan barrena arituko dira. Horren ostean, Rukula taldearen kontzertua izango da, 23:00etan moilan. Egun handia, ordea, larunbata izango da. Aurten ere paella lehiaketa egingo dute gaztetxearen kanpoaldean. Paella beganoak baino ezingo dira lehiarako aurkeztu, eta parte hartu nahi dutenek txartela erosi eta izena eman beharko dute aldez aurretik, K2 tabernan. Gaur izango da azken eguna.
Egun osoan izango dira ospakizunak larunbatean, tartean, herriko Hemenbauen batukadak girotuko ditu kaleak. Dena den, biharamuna ez da oztopoa izango, eta igandean ere egongo da zer gozatua. Arratsaldean Etxeluzen elkartuko dira gazteak, asteburuak eman duena irudietan ikusteko eta elkarbanatzeko. Hain zuzen, asteburuan zehar Whatsapp bidez bildutako argazkien emanaldia izango da, 18:00etatik aurrera.
Festa eredua
Berrikuntza gisara, jai ereduaren inguruan hausnartu eta eztabaidatu, eta hainbat konpromiso hartu dituzte antolatzaileek: «Nolako festak nahi ditugun zehaztu dugu, eta hainbat lan lerro jorratzeko konpromisoa hartu dugu». Nagusiki, lau konpromiso izango dituzte ardatz: jaietan euskararen presentzia bermatzea; hondakinak gaika bildu eta sailkatzea; ahalik eta «kontsumo arduratsuena» izatea festen barruan, bertako produktuak eta produktu ekologikoak erdigunean jarriz; eta azkenik, «ikuspegi feminista duten jaiak izatea ziurtatzea». Horren barruan, erasoen aurkako protokoloa martxan jartzea da pausoetako bat.
Egitaraua
Irailak 27, ostirala
21:30. Piraten Danborrada. Etxeluze gaztetxetik hasita, herriko kaleetan barrena arituko dira.
23:00. Rukula taldearen kontzertua, moilan.
Irailak 28, larunbata
12:00. Paella lehiaketaren hasiera, Etxeluze gaztetxearen kanpoaldean. Kamisetak ordu horretan banatuko dituzte.
14:00. Paellak aurkeztuko dituzte lehiaketako parte hartzaileek. Aurkeztu ahal izateko, paellak beganoa izan beharko du. Gero, presoen aldeko argazkia aterako dute.
Jarraian, Hemenbauen batukada arituko da herriko kaleetan barrena. Tartean, jolasak izango dira.
Goizaldean, diana.
Irailak 29, igandea
18:00. Argazki emanaldia, Etxeluze gaztetxean. Herriko gazteek asteburuan zehar atera eta bidali dituzten argazkiak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Parte hartu nahi dutenek, 650 31 78 95 telefono zenbakira bidali ditzakete argazkiak, Whatsapp bidez.