Ikasturte berrirako kide berrien bila dabil Orioko Salatxo Abesbatza

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 12a

Hemendik aurrera, astelehenero eta ostegunero egingo dituzte entseguak. Urriaren 5ean eskainiko dute ikasturteko aurreneko kontzertua, Orioko elizan.

Udako oporrak amaituta, Orioko Salatxo abesbatzako kideek ere heldu diote ikasturte berriari. Pasa den astelehenean, irailak 9, aurreneko entsegua egin zuten, 21:00etan. Kosta tailerreko Salatxoren aretoan izan zen saioa.

Hemendik aurrera, astelehenetan zein ostegunetan elkartuko dira Salatxokoak. Ohi bezala, Kosta tailerra izango dute elkargune, 21:00etatik aurrera. Kide berrien bila dabil abesbatza, eta azaldu dute entseguetara bertaratzen direnek izena emateko aukera izango dutela. Une honetan, 35 pertsona inguruk osatzen dute taldea.

Kontzertuak jomugan

Ikasturte eta entsegu berriekin batera, emanaldi berriei helduko die Salatxok. Hala, egutegi osoaren berri eman ez badute ere, zenbait data zehaztu dituzte dagoeneko. Urriaren 5ean, larunbata, etxean arituko dira kantuan; hain zuzen, Orioko elizan. Urriaren 12an, berriz, Zarautzen abestuko dute. Bertan, besteak beste, Zarautz Abesbatzako kideekin batera ariko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide