Kontxako biharamuna igarota, denboraldi berriari begira jarri dira Orio Arraunketa Elkarteko kideak. Hala, Orion arraunean hasi nahi dutenentzako izen-ematea ireki dute dagoeneko. Kimu, infantil, kadete edota jubenilek eman dezakete izena sasoi berrirako, eta elkartekoek adierazi dutenez, "arrauna gustuko duen eta praktikatu nahi duen orok" ditu zabalik ateak. "Kirolaz gain, laguntasuna, taldekideekiko errespetua eta arduratsua izaten irakatsiko dugu arraun elkartean", gehitu dute.
Irailaren 17an (asteartea) eta irailaren 18an (asteazkena) izango dira aurtengo aurreneko entrenamendu saioak. Denboraldiari hasiera emateko, hainbat hitzordu jakinarazi dituzte arraun elkartetik. Adinaren arabera bereiziko dituzte gazteak. kimuek (2008-2009 urteetan jaiotakoek) irailaren 18an egingo dute denboraldiko lehenengo entrenamendua. 16:45ean elkartuko dira, Arraunetxen. Infantilei (2006-2007 urteetan jaiotakoak) dagokienez, irailaren 17an bilduko dira aurreneko aldiz, 17:30ean Arraunetxen. Kadeteen (2004-2005 urteetan jaiotakoak) lehenengo entrenamendua 18an izango da, 17:30ean elkartuta Arraunetxen. Jubenilek (2002-2003 urtetan jaiotakoak), berriz, irailaren 17an izango dute sasoiko lehendabiziko entrenamendu saioa. Horientzako 18:15ean jarri dute hitzordua, Arraunetxen.