Orioko neskek Kontxako Bandera irabazi dute

Aiora Larrañaga 2019ko irailaren 8a

Denboraldi historikoa izan da aurtengoa Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen traineruarentzat, liga eta Kontxako Bandera irabazi baitituzte.

Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua estropadaren buruan jarri da hasieratik, aurkariei ontzi bateko errenta aterata, eta aldea handitzea lortu dute, estropada aurrera joan den heinean. Beraz, historian lehen aldiz Kontxako Bandera irabazi dute Orioko neskek. 

Zaletuek arranplan ospatu dute garaipena, eta tartean zen Orio Arraunketa Elkarteko lehendakari Ibon Huegun ere. Elkarteko presidentea oso pozik agertu da emakumezkoen traineruak egin duen lanarekin. "Denboraldi historikoa izan da aurtengoa, liga eta Kontxako Bandera irabazi baititugu. Taldea osatzen duten arraunlari guztiak eta entrenatzaileak zoriondu nahi ditut lan bikaina egin dutelako eta taldearekiko konpromisoa erakutsi dutelako urte guztian zehar". 

Bestalde, arraun elkarteko presidenteak zaletuen jarrera ere goraipatu nahi izan du Donostiako arranplan. "Kolore horia nagusi da gaur Donostian, eta guretzat zaletuen babesa eta bultzada ezinbestekoak dira".

Zumaia zortzigarren
Zumaiako Telmo Deun ontziak gaur lehen txandan jokatu du Donostian, eta ez da beren estropadarik onena izan. Hasieratik atzean geratu dira zumaiarrak, eta zortzigarren sailkatu dira sailkapen nagusian.

SAILKAPENA

1.- Orio 21:28,48
2.- Arraun Lagunak 21:57,42
3.- Hondarribia 22:04,20
4.- Hibaika 22:07,16
5.- Donostiarra 22:13,40
6.- San Juan 22:19,40
7.- Riveira 22:22,66
8.- Zumaia 22:50,28

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide