Urrian berrartuko ditu Orioko Zaharren Babeslekuak ohiko jarduerak

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 3a

Urriaren 2an egingo dute aurreneko bingo saioa, eta urriaren 3an, pentsio duinen aldeko elkarretaratzea.

(Karkara)

Irailarekin batera ikasturte berria abiatuko bada ere, Orioko Zaharren Babeslekuko kideek jakinarazi dute urrian emango dietela hasiera ohiko jarduerei. Izan ere, irailaren 9tik 17ra bidaia antolatu dute herriko erretiratu zein pentsiodunentzat. Portugalgo Algarve ingurua ezagutuko dute aurten.

Hala, urriaren 2an, asteazkena, egingo dute ikasturteko lehen bingo saioa, kultur etxean. Ohiturari jarraituz, asteazkenero bilduko dira ikasturtean zehar, 16:30etik 18:30era.

Bestetik, pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa ere badute Zaharren Babeslekukoek. Urriaren 3an, osteguna, egingo dute aurreneko mobilizazioa. 18:30ean Herriko Plazan elkartuko dira. Aurreko ikasturtean bezala, ostegunero bilduko dira, eta 10 minutuko elkarretaratzea izango da. Herriko pentsiodunen eta erretiratuen elkarteko zuzendaritzak gogorarazi duenez, elkarretaratzea egiten duten bitartean, itxita egongo da elkarteko taberna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide