Donostiako Musika Hamabostaldiak hitzordu bana izango du gaur eta bihar Azpeitian eta Azkoitian. Hamabostaldiaren barruan egiten ari diren organo zikloaren kontzertuak izango dira biak eta ordutegi bera izango dute: 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrera doan izango da bietan.
Gaur, Loiolako basilikan, Gail Archer ariko da. Bach, Schumann, Shatin, Howe, Slonimski edota Mussorgskiren piezekin osatutako errepertorioa eskainiko du AEBetako organo-jotzaileak.
Bihar, berriz, Loreto Aramendi oriotarrak Buxtehude, List, Faure, Cuesta, Tournemire eta Messiaen konpositoreen lanak eskainiko ditu Azkoitiko parrokian; Donostiako Koruko Amaren basilikako organista titularra da Aramendi.
Azpeitiko eta Azkoitiko udalekin elkarlanean antolatu ditu kontzertuok Musika Hamabostaldiak.
Ignacio Arakistain, Tolosan
Organo-jotzaile oso ezagunei ez ezik, etxeko musikari gazteei ere egin diete tokia organo zikloaren egitarauan. Horietako bat da Ignacio Arakistain azpeitiarra. Musikenen ikaskide duen Mikel Ansola markinarrarekin batera kontzertua emango du Arakistainek etzi, osteguna, Tolosako Santa Maria parrokiako Stoltz Freres organoan; Durufle, Brahms, Franck, Bach eta Liszt konposatzaileen lanak joko dituzte. Tolosako saioa ere doan izango da eta 20:00etan hasiko da.