Aurkeztu dute VII. Orio Kanpina Bandera. Herriko XXIX. estropadak larunbatean eta igandean jokatuko dira; festa giroa zein kirola uztartuko dituzte.
Herriko kanpinean egindako estropaden aurkezpenean Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak azpimarratu duenez, pasa den urteko eremu bera izango du estropadak, itsasoan. "Aurreko urtean oso esperientzia polita izan zen berriz ere erriotik itsasora eramatea jardunaldia. Lan asko egin zen eremua antolatzen, eta ezin hobeto atera zen dena. Espero dugu aurten ere ikuskizun ederra ikusteko aukera edukitzea". Oriotik Zarauzko Mollarri alderantz joko dute traineruek, olatuak lehertzen diren gunera, hain zuzen.
Etxeko taldeekin pozik
Asteburuan bi egunetan jokatuko dira estropadak. Larunbatean 18:00etatik aurrera, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak izango dira. Igandean, berriz, ordu berdinean, ETE ligako eta KAE2 ligako jardunaldiak jokatuko dira.
Traineruei dagokienez, Huegunek Orioko traineruak erakusten ari diren maila bikaina goratu du. "Espero dugu hiru banderak etxean geratzea, neskena zein gizonezkoenak. Eusko Labeleko traineruaren kasuan, iaz etxean geratu zen, lehen aldiz. Beraz, ea aurten ere emaitza berberak lortzen ditugun".
Orioko alkate Anuska Esnalek ere Orioko traineruak egiten ari diren "denboraldi hasiera bikaina" azpimarratu du. "Hilabete hasieratik arraunlariei harrerak egitea lan handia izan da udalarentzat, baina zorioneko lana", adierazi du Esnalek. Eskerrak eman dizkie harrera horietan parte hartzen eta laguntzen duten herritar guztiei, tartean, txaranga osatzen duten kideei.
Aisialdiko bi gune
Arraunzaleak Oriora asteburu pasa joatera gonbidatu dituzte estropaden antolatzaileek. Horregatik, iaz bezala, Eusko Labelek antolatzen dituen Fan Zone aisialdi guneak jarriko dituzte etzi eta igandean Orion. Herriko plazan, esaterako, pantaila erraldoia, parrila eta babesleen postu edo stand ofizialak jarriko dituzte. Estropadak ikustera barra berrira gerturatzen diren zaleentzat, berriz, jana eta edana egongo da, estropadek irauten duten bitartean. "Iaz oso ondo funtzionatu zuen aisialdi guneak, eta uste dugu aukera ona dela aurten berriz ere jartzea", iritzi dio Huegunek.