Ostegun arratsaldean ez ohiko udalbatzarra egin zuen Orioko Udalbatzak, eta bertan udalaren martxa markatuko duten hainbat gai zehaztu zituzten, besteak beste, hautetsien ardurak, liberazioak eta ordainsariak.
Alde batetik, Anuska Esnal alkateak liberazio osoa izango du alkate kargua betetzeko eta Udalhitz hitzarmeneko 24. mailako soldata izango du, hau da, urteko 55.422,78 euro jasoko ditu. Bestetik, Ainara Munduate zinegotziak %50eko liberazioa izango du eta alkateorde eta batzordeburu kargua beteko du; honek Udalhitzeko 20. mailako soldata izango du, eta urtean 23.954,67 euro jasoko ditu.
Horrez gain, Bakartxo Oliden zinegotzia alkateordea eta batzordeburua izango da eta eginbehar horiek betetzeko %25eko liberazioa izango du; Udalhitzeko 20. mailako soldata izango du, urtean 11.997,34 eurokoa.
Zinegotzien ordainsariak
Zinegotzien ordainsariak ere izan zituzten hizpide udalbatzarrean. Udalbatza osatzen duten alderdiek 350 euroko asignazio finko bat izango dute, eta horri zinegotzi bakoitzeko 25 euro gehitu behar zaizkio. Hala, EH Bilduk 500 euro jasoko ditu, EAJk 475 euro, PSEk 375 euro eta Orainek 375 euro. Bestetik, zinegotzien asignazioak kalkulatzeko orduan, lan kargak hartu dituzten kontuan, eta kalkulua egiteko hurrengo irizpideak finkatu dituzte:
-
Osoko bilkura parte hartzeagatik 100 euro jasoko ditu hautetsi bakoitzak.
-
Batzordekide izateagatik batzorde bakoitzeko 50 euro.
-
Bozeramaile izateagatik 250 euro
-
Batzorde buru izateagatik 150 euro gehiago.
Dena dela, udalbatzarrean zehaztu zuten, liberatuta dauden zinegotziek ez dute inolako asignaziorik jasoko.
Zinegotzien asignazioen gaiak eztabaida sortu zuen udalbatzarrean. Izan ere EAJ ez zen ados agertu proposamenarekin, eta kontrako botoa eman zuen. Lourdes Salsamendiren iritziz, "asignazio sistema horrek batzorde gehiagotara joaten diren zinegotziak saritzen" ditu. "Orainek eta PSEk ordezkari bakarra dutenez eta batzorde gehiagotara joan beharko dutenez ordainsari handiagoa jasoko dute. Gure ustez, udaleko lana zinegotzi guztiontzat antzekoa da, eta proposamenak alderdi handiak zigortzen dituela uste dugu, udal talde batek bost zinegotzi izateak ez baitu esan nahi lan gutxiago egingo dugunik".
Salsamendiren hitzartzearen ondoren, alkateak hartu zuen hitza, eta azaldu zuen, adostasunera iristeko alderdi guztiei liberazioak eta gai ezberdinetako batzordeburutzak eskaini dizkiela EH Bilduk. "Asignazioen inguruko proposamenak mahai gainean jartzeko arazorik ere, ez dugu izan. Gaur onartu berri den udal osaketa, liberazio, asignazio, ordezkaritzak eta osoko bilkuren maiztasunak beraz, bilera horietan guztietan landutako lanaren emaitza izan dira. Beti, lau alderdion eta batez ere hamahiru zinegotzion behar, ilusio eta asmoak asetzen dituen lan eredua lortu nahi izan dugu".
Ildo horretan, Esnalek nabarmendu zuen, hasieratik EH Bilduk argi izan duela alkatetza inongo loturarik gabe nahi duela. "Aske izan nahi dugu datozen lau urteetan. Dena dela, aldi berean, lan egiteko eta elkarlanerako zubiak eraikitzeko prest gaudela esan eta erakutsi dugu. Horren adibide da gaurko udalbatzarrean onartu duguna. Erronka eta proiektu bakoitzeko, beste alderdiekin elkartu eta adostasunetara heltzeko prest gaude, horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere".
Haserre agertu zen PSEko Ana Priede Salsamendik esandakoarekin. "Nik uste dut EAJk ez duzuela negoziatu nahi izan. Turismo eta Merkataritza batzordeburutza eskaini zitzaion Lourdes Salsamendiri, denok uste genuelako batzorde hori gidatzeko pertsona aproposa zela, eta baldintza batzuk jarri zituen EAJk. Onartu genituen, baina EAJk ez zituen onartu gainontzekoen baldintzak". Priedek uste du, negoziazio batean hartu-emana egon behar duela. "Bestalde, lan kargari dagokionean, azken lau urtetan lan egiten dudala erakutsi dut. Badakit zer den zortzi batzordetara joatea eta denetako gaiak lantzea, eta ezin da konparatu batzorde bateko kide izatearekin. Gainera, Iparrak eta nik ordenantza fiskalak eta aurrekontuak lantzerakoan lan estra egin behar dugu. Errespetatzen dut asignazioak egokiak ez iruditzea, baina, zentzugabea iruditzen zait lan kargak konparatzea".
Jose Angel Iparragirrek aitortu zuen gustura daudela "asignazio sistema iraultzailearekin". "Uste dugu aurrekoak baino hobeto islatzen duela Udaleko martxa eta horrek dakarren lan karga. Bestetik, arrazoi ematen diot Priederi EAJk negoziatu nahi ez zuela esaten duenean. EAJk proposatutako puntu gehienak onartu genituen, baina ordainetan ez zituen onartu gainontzekoenak".
Batzordeak
Hurrengo batzorde informatzaileak izango ditu Orioko Udalak.
-
Ingurumena, obrak eta zerbitzuak batzordea. Batzorde burua Beñat Solaberrieta. Batzordeko kideak: Beñat Solaberrieta, Lourdes Salsamendi, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre.
-
Hirigintza batzordea. Batzorde burua Ainara Munduate. Batzordeko kideak: Ainara Munduate, Lourdes Salsamendi, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre.
-
Kultura, Gazteria eta Festak batzordea. Batzorde burua Xabier Ibarguren. Batzordeko kideak: Xabier Ibarguren, Jose Javier Gomez de Segura, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre.
-
Ogasuna eta pertsonala batzordea. Batzorde burua Anuska Esnal. Batzordeko kideak: Anuska Esnal, Andoni Torres, Ana Priede, Jose Angel Iparragirre.
-
Sektoreak, Turismo eta merkataritza batzordea. Batzorde burua Bakartxo Oliden. Batzordeko kideak: Bakartxo Oliden, Lourdes Salsamendi, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre
-
Kirol batzordea. Batzorde burua Jose Angel Iparragirre. Batzordeko kideak: Bittor Andres; Jon Basurko, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre.
-
Berdintasun eta gizarte ongizate batzordea. Batzorde burua Anuska Esnal. Batzordeko kideak: Anuska Esnal, Amaia Gozategi, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre
-
Euskara eta hezkuntza batzordea. Batzorde burua Bakartxo Oliden, Batzordeko kideak: Bakartxo Oliden, Jon Basurko, Ana Priede eta Jose Angel Iparragirre