Jon Agirresarobe oriotarrak hartu du Bertsozale Elkartearen gidaritza

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 3a, 15:17

Orain arte Aritz Zerain aritu da Bertsozale Elkartearen koordinazio lanetan. Orain, Jon Agirresarobe 'Torrotxo' oriotarrak eta Idoia Trenorrek hartu dute txanda.

Idoia Trenor, Aritz Zerain eta Jon Agirresarobe. (Bertsozale Elkartea)

Aritz Zerainek martxoan iragarri zuen Bertsozale Elkarteko koordinazio lanak utziko zituela. Elkartearen dimentsio handia egokiago kudeatzeko zein aurrera begirako beharrei hobeto erantzuteko, bi pertsonako koordinazio taldearen alde egin du zuzendaritzak.

Udaren atarian egin dute aldaketa. Hala, hemendik aurrera, Idoia Trenor eta Jon Agirresarobe Torrotxo oriotarra izango dira Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

Giza Zientziak eta Komunikazioan lizentziatua da Agirresarobe, eta Euskadi Irratian aritu zen esatari lanetan. Azken hamaika urteak Bertsozale Elkartean bertan egin ditu, Sustapen Sailean. Azken hiru Bertsolari Txapelketa Nagusien koordinatzailea ere izan da. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa ere ikasi zuen, eta une honetan, Kultur Kudeaketako masterra ari da egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide