Oriotarrak, atzo Bilbon (Aitor Arrizabalaga-Eusko Label liga)[/caption]
Asteburu bikaina egin dute oriotarrek. Atzo Eusko Label ligako lehen jardunaldiko bandera irabazi zuten Bilbon, eta gaur ere beraiek nagusitu dira Zierbenan. Gorka Aranberri patroiak hitz egin du Euskadi Irratian, estropada amaitu berritan: "Bigarren luzean pare bat olatu ondo jotakoak izan ditugu, eta hor eman dugu mina", esan du. Taldeak "lana ondo" egin duela azpimarratu du, eta oso pozik agertu da garaipenarekin.
19:25:92 denbora egin dute oriotarrek, eta Donostiarra sailkatu da atzetik, hiru segundora, 19:29:34 denborarekin. Zierbena izan da hirugarrena.
Hemen ikus daiteke sailkapena, osorik.
Lehen jardunaldian, garaipen argia
Liga bikain hasi dute Jon Salsamendiren mutilek. Erraz gailendu ziren atzo Bilbon, bigarren izan zen Santurtziri ia 13 segundo aterata. Hirugarren tandan egin zuten arraun oriotarrek, Hondarribi, Urdaibai eta Zierbenarekin batera. 04:42an egin zuten lehen ziaboga, 09:32an bigarrena, eta 14:37an hirugarrena. Lan guztiak, berriz, 19:31:22 denboran egin zituzten.
Santurtzi sailkatu zen bigarren, 19:43:80 denbora eginda. Ziabogak alderatze aldera, santurtziarrek honako denboretan egin zituzten: 04:50, 09:42 eta 14:49. Hain zuzen, Salsamendik HITZAri orain gutxi adierazi zion aurten inoiz baino talde gehiago arituko direla goi mailan, banderak irabazteko lehian. "Esperientzia handiko arraunlariak fitxatu dituzte Santurtzik eta Donostiak. Aurreko denboraldian hasi ziren muturra sartzen ohorezko txandan, eta aurten goi mailan izango direla uste dugu". Atzo erakutsi zuen indar hori Santurtzik, baina oriotarrek erraz irabazi zuten.