Anuska Esnalek hartu du alkate makila Orion

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko ekainaren 15a

Udaletxeko batzar aretoa bete egin da udalbatza berria eratzeko eginiko bilkuran. Esnalek kargua hartzean adierazi du "errespetuz" herritar guztientzat eta herriarentzat lan egiteko prest dagoela bere taldea.

Lau aste pasatu dira hauteskundeetatik, herritarrek datozen lau urteetarako udal gobernuak eratzeko beren botoa eman zuenetik. Negoziaketa, urduritasuna eta intriga izan dira azken hiru asteetako dinamika udalerri askotan; modu batean, baita Orion ere. Hauteskundeetako emaitzetan EH Bildu izan zer garaile, herriko historian lehen aldiz. 

Gaur, larunbata, 09:00etan hasi da udalbatza berria eratzeko eta alkatea aukeratzeko bilkura. Lehenik eta behin, agintaldi guztietan egiten den bezala, adin mahaia osatu dute, eta segidan, gainontzeko zinegotziek beren kargua zin eginda, alkatearen aukeraketa hasi da. Idazkariak orri zuri bana eman die mahai kideei, botoak idatzi eta berehala hasi da kontaketa. Anuska Esnalek sei boto lortu ditu, Lourdes Salsamendik, bost. Abstentzio eta boto zuri bana izan dira. Horrenbestez, Anuska Esnal izendatu dute alkate.

Kargu berria zin egin eta Joxe Anjel Zalduak emandako alkate makila jaso du Esnalek. Honako hau esan du alkate berriak hitza hartzean: "Errespetuz, herritar guztientzat eta herriarentzat lan egiteko prest gaude. Esperientzia eta balio askoko taldea delakoa gurea. Horregatik, uneoro aipatu dugun elkarlanerako zubiak eraikitzen jarraituko dugu guztiekin, parte hartzea sustatuz eta herritik eraginez. Denontzako dagoelako lekua, denok egon behar dugulako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide