Zein da zure pertsonaia Puntu Koma web seriean?
Puntu Koma web seriean Arrate naiz, seme baten ama. Ospitaletik dei bat jaso dut, nire semea koman dagoela esanez, eta hor hasten da istorioa. Bertara agertzen naizenean, ohartzen naiz ez dakidala ezertxo ere nire semearen bizitzaz. Gelara sartu orduko ezagutzen ez dudan mutil bat aurkitzen dut bere ondoan, eta denbora igaro ahala jende gehiago agertzen da. Arrate oso ama zorrotza da, ikuspegi bakar batetik ikusten baititu gauzak, eta hortik ateratzen den guztia gaizki dagoela iruditzen zaio. Gainera, ospitalean bizi duen egoera gogor horretan, muturreraino eramaten ditu bere tentsioa, egonezina, aurreiritziak eta izateko modu dominantea. Izateko era zakar horrek inguru guztia kutsatzen du.
Dena dela, inguruan dituen pertsona horiekin hartu-emana duen heinean konturatzen da, ez direla zuri edo beltz. Aniztasuna onartzen hasten da, eta horrekin batera samurtzen joaten da.
Zer moduz sentitu zara Arrateren paperean?
Hasieran beldurra eman zidan Arrateren paperak. Nire iritziz aberatsagoak dira kolore askotako pertsonaiak, eta zaila iruditzen zitzaidan pertsonaia honi kolorea ematea. Dena dela, papera lantzen nindoan heinean gero eta erosoago sentitu nintzen pertsonaiarekin, eta orain oso gustura nago.
Zure ukitua eman al diozu Arrateren pertsonaiari?
Ezinbestekoa da pertsonaiari nork bere ukitua ematea. Aktoreok pertsonaia lantzeko dugun tresna gure gorputza da, pertsonaiaren trajea gu garelako. Bakoitzak gure ukitu berezia ematen dugu, beste inork ez duena; horregatik da garrantzitsua arlo hori ere lantzea. Gure gabeziak eta bertuteak kontuan izan behar ditugu pertsonaia jorratzerakoan.
Puntu Koma weberako seriea da, eta kapitulu bakoitza hamar minutukoa da. Formatu horretarako lan egitea desberdina izan al da?
Beti bezala, presaka ibili gara. Ordubeteko pelikula bat grabatu genuen, hamar minutuko kapituluetan emateko. Oso lan intentsoa izan zen, hamar egunean grabatu behar izan genuelako. Gaur egun horrela etortzen dira proiektuak, eta denboraren aurka lan egin behar izaten dugu gehienetan. Dena dela, oso pozik nago, oso lan txukuna egin dugulako. Lan talde guztiak ahal dugun guztia eman dugu, eta uste dut nabaritzen dela web seriean. Bestalde, aipatu nahi dut, web serieko teknikarien %60a eta aktoreen %50a emakumeak garela.
Zer harrera izan du web serieak ikusleen artean?
Pasa den asteartetik ikusgai dago lehen kapitulua ETBren webgunean, eta atzo bota zuten ETB 1 katean. Webgunean ikusi dutenei gustatu zaie, eta txarra iruditu zaienak ez zaizkit beren iritzia ematera etorri. Itxaron egin beharko da ikus-entzuleen erantzuna ezagutzeko. Horrez gain, kontuan hartu behar da, erronka garrantzitsua duela serie honek. Astean behin hamar minutuko kapitulua emitituko da. Kapitulu laburra da, eta ez dakit jendea gogoratuko den web serieaz. Asko harrapatu behar zaitu serieak gogoratzeko, eta hori erronka izango da. Oraingoz ez dakigu web serieak aurrera jarraituko ote duen.
Dena dela, hainbat sari eta izendapen jaso ditu web serieak nazioarteko jaialdietan, ezta?
Bai, hemen estreinatu baino lehen, munduan zehar ibili da, eta oso harrera ona izan du nazioartean, Asiako eta Ameriketako Estatu Batuetako jaialdietan. Hiru sari jaso ditu. Horrez gain, asteazkenean jakin ganuen Seuleko jaialdian hautagai izateko izendatu dutela Puntu Koma.
Zeu ere seriean egindako lanagatik aktore onenaren sarirako izendatuta zintuzten Miami Web Fest jaialdian. Garrantzitsua al da zuretzat izendapena?
Bai, hala da. Niretzat berria da mundu hau, baina oso pozik nago. Horrelako izendapenek nire eta nire lankideen lana aitortzen dutela uste dut.