Abiatu dituzte Bentako bidea konpontzeko lanak

Aiora Larrañaga 2019ko ekainaren 6a

Benta bideko ezpondak berregiteko lanak 8 aste iraungo du eta 181.420 euroko kostua izango du, guztira.

Sei hilabetez itxita egon ondoren, abiatu dituzte Benta bidea konpontzeko lanak. 2018ko azaroaren bukaeran luizi handi bat gertatu zen Benta bidean, eta ordutik itxita egon da zirkulaziorako; auzotarrek bakarrik erabili ahal izan dute mendiko errepidea.

Bidea konpontzeko, lehiaketa publikoa egin du Orioko Udalak eta Tesinsa enpresak irabazi du lehiaketa hori. Udaletik jakinarazi dutenez, Benta bideko ezpondak berregiteko lanak 8 aste iraungo du eta 181.420 euroko kostua izango du, guztira.

Auzotarrak "haserre"
Benta bidearen inguruan bizi diren auzotarrak "oso haserre" egon dira azken hilabetetan, luzia gertatu zenetik, udalak konponbiderik eskaintzen ez zielako. Karkara aldizkariak antolatutako Orioko alkategaien mahai-inguruan, auzotar batek hitza hartu zuen, eta ea Bentako bidea konpontzeko asmorik ba ote zuten galdetu zien alkategaiei; "errepideko errai bat ondoratuta dago, eta bertatik pasatzea oso arriskutsua bada ere, bizilagunok ez dakigu noiz abiatuko dituzten errepidea konpontzeko lanak", galdetu zuen maiatzaren 7ako mahai-inguruan.

PSE-EEko Ana Priedek jendaurrean azaldu zuen, 2018ko azaroan gertatu zena, luizi handia izan zela, eta inbertsio handia eskatzen duela. "Horrelakoetan lehiaketa publikoa egin behar izaten du udalak lanak enpresa bati esleitzeko, eta horrek betebehar adiministratibo batzuk eskatzen dituenez, gaia mantsotu egin dela aitortu zuen". Bitartean, auzotarrek hondatuta izan dute bidea sei hilabetez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide