Elena Errasti, Danbolin musika eskolako zuzendaria

Aldaketa garrantzitsuak egingo ditu metodologian Danbolin musika eskolak

Aiora Larrañaga Solaberrieta eta Intza Unanue Arruabarrena 2019ko ekainaren 6a

Orioko Danbolin musika eskolako lehen zikloko haurrek astean ordubeteko saioa izango dute datorren ikasturterik aurrera. Bestalde, bigarren zikloan, bost urtetik hiru urtera jaitsiko dute derrigorrezko musika mintzaira.

[caption id="attachment_373806" align="aligncenter" width="1200"] (Intza Unanue)[/caption]

Orioko Danbolin musika eskolak hainbat aldaketa egingo du bere metodologian, ikasturte berriari begira. Musika eskolako zuzendari Elena Errastik azaldu duenez, bi aldaketa nagusi izango dira, eta lehenengo eta bigarren zikloari eragingo diete aldaketek. "Musika eskolan hiru maila edo ziklo daude. Lehenengoan 4-6 urte bitarteko ikasleak aritzen dira, bigarrengoan 7-11 urte artekoak eta hirugarrenean 12tik gorakoak. Orain arte lehenengo mailako ikasleek bi klase izaten zituzten astean, batean musika lantzen zuten eta bestean psikomotrizitatea, dantzaren bitartez". Hemendik aurrera bi arloak saio bakarrean jorratuko dituzte.

Danbolin musika eskolako arduradunak ohartu dira lehen eskolaz kanpoko jarduerak nagusiagoak ziren haurrek egiten zituztela, "baina gaur egun, ingelesa, igeriketa eta beste hainbat aukera dituzte, eta musika eskolara astean bitan etortzea ezinezkoa edo zaila izaten da askorentzat. Horregatik erabaki dugu ziklo horretan astean saio bakarra egitea".

Herritarren nahia

Bigarren zikloan ere aldaketa garrantzitsua izango da. Ziklo horretan ikasleek musika mintzaira (solfeoa) eta musika tresna lantzen dituzte. Orain arte diploma lortu ahal izateko aukera bakarra zegoen, musika hizkuntza ikasketak eta musika tresna bost urtez ikastea, eta bakoitzari zegokion taldeetan parte hartzea. "Ohartu gara, ordea, ikasle askok ez dutela musika mintzaira landu nahi, eta ondorioz musika eskola uzten dutela gero eta lehenago. Uste dugu ez dela posible horrela jarraitzea, eta aukera zabaltzea erabaki dugu. Gure ustez, musika hezkuntza oso batek orain artekoa bezalakoa izan behar du, baina herritarren eskariak ere kontuan hartu behar ditugu". Horregatik, aukera berri bat eskainiko dute: lehen hiru musika ikasturteak derrigorrezkoak izango dira, baina haurrak planto egin dezake puntu horretan, eta musika tresnarekin jarraitu. Hala ere, bost urteko formakuntza osatzen dutenek soilik jasoko dute diploma.

Bestalde, musika mintzaira hirugarren mailan uzten duten haurrek eta instrumentuarekin jarraitzen dutenek ere derrigorrezkoa izango dute musika eskolako taldeetan parte hartzea. "Oso garrantzitsua da haurrek musika taldeetan parte hartzea, Danbolin musika eskolak taldeen bidez parte hartzen baitu herriko ekimen desberdinetan, trikiti taldearekin, bandarekin edo txistulari taldearekin, besteak beste".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide