Ekainaren 16an, igandearekin, "Orioko emakumeak surflari" ekimena izango da Antilla hondartzan. Orioko emakume surflarien eta surferako gogoz daudenen topaketa izango da Emakumea surflari elkarteak antolatuta. Goizeko 09:30ean emango zaio hasiera egunari, arropaz aldatu eta denak batera uretara sartuko dira. Surfean egin ondoren, hamaiketakoa izango da OST parean.
Antolatzaileek hainbat arrazoi direla eta antolatu dute ekintza hau. Genero ikuspegiari dagokionez: "Orioko olatuetan ere emakumeen presentzia, askoz ere txikiagoa da gizonezkoena baino. Hau dela eta emakumeen parte hartzea indartu eta surfean ikasi nahian dabiltzan neskak animatzea da ideia honen helburua". Bestalde, emakume oriotar askok kirola probatu badute ere, herritik kanpo izan dela adierazi dute antolatzaileek: " Kanpoko hondartzetan surfa egiteak denbora gehiago eskatzen du, autoa hartu, trastu guztiak bertan sartu, beste hondartzaraino desplazatu... Orion surfa praktikatzea askoz ere praktikoa izan daiteke, denbora gutxiago behar baita bainutxo bat emateko. Azkenik, hurrengo jenerazioei begira, nesken parte hartzea oso oso txikia da. Polita litzake hauek emakume erreferenteak izatea uretan, babesa sentitu eta surfa egitera anima daitezen".