Kaosa eta Dilistak jaian giro ona nagusi

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 2a

Lagunartean, etxegiroan ospatu zuten atzo Orioko Etxeluze gaztetxean Kaosa eta Dilistak jaia. Eguraldi ona aprobetxatuz, gaztetxe kanpoko zelaian egin zuten dilista txapelketa. Garai bateko eltzeetatik usain goxoa ateratzen zen. Izan ere, parte hartzaileek ez zituzte lentejak soilik egosi: batzuek brokolia nahastu zioten beren potajeari, beste batzuk txorixo beganoa eta sagardoa...

Epaimahaiak lan pixka bat izango zuen dilista gozoenak aukeratzen, baina irabazleen berri ez zuten eman. Gaztetxe barruan egin zuten bazkaria, egitarauan jarritako ordua baino dezentez beranduago. Orioko zenbait gaztez gain, inguruko herrietakoak eta Katalunia aldeko batzuk ere bertaratu ziren, eta presarik ez zuten. 

Iluntzean, berriz, kontzertuen txanda izan zen: Lokuria, Managaitz, Disasko, Peëdog, Saña, Polikarpa y Sus Viciosas, Kamorräh, Cult Of Misery eta Polemika ziren oholtza gainera igotzekoak.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide