Idoia Larrañaga: "Herrian dagoen partaidetzari erantzuna emateko asmoz, erronka berri batean murgiltzea erabaki dugu"

Karkara.eus 2019ko mai. 8a, 13:31

Orio Eragin Eskubaloi Kluba sortu dute eta astearte arratsaldean egin zuten aurkezpena, Orioko Salatxo aretoan

"Duela lau urte neska talde batek Orion eskubaloia jokatzea eskatu zuen. Hori horrela, Orioko Herri Ikastola Kooperatibak eta Zarautz Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu zuten eta herrian bertan jolasten hasi ziren, Ikastolaren izenarekin eta ZKEren babesean. Hasieran ikastolako neskak soilik baziren ere, urteak aurrera, Zaragueta Herri Eskolako neskak ere animatzen joan dira; baita Aiako Lardizabalekoak ere. "Bi herrietako neskak elkarrekin aritzeak aberastasun handia ematen die, bai neskei, bai herritarrei". Proiektuaren hasiera oso berezia izan dela nabarmenduz hasi zuen atzo Garikoitz Garagarza Zuzendari Teknikoak prentsaurrekoa.

Orain artean eskubaloian jokatu nahi izan duten Orioko zein Aiako neskek ZKErekin jolasteko arazorik izan ez dutela azpimarratu zuen Idoia Larrañaga Lehendakariak. "Eskertzekoa da Zarauzko klubak urtetan egin duen lana neska hauek bere planetan barneratzeko". Aurtengo denboraldian, partaidetza kopuruak gora egin du eta herrian infantil mailako bi talde izan dituzte, Alebin Errendimendu mailako beste talde bat, eta Eskubaloi-Eskola, guztira 70-80 neska. "Denboraldi honen erdian hurrengoaren aurreikuspena egiten hasi ginen eta egun, herrian dagoen partaidetza honi erantzuna emateko asmoz erronka berri batean murgiltzea erabaki dugu", adierazi zuen Lehendakariak. Garikoitz Garagarzak gehitu zuen, ongi landutako proiektu sendoa dela: "Lau urterako lan-prozesu bat garatu dugu eta horretarako konpromisoa hartu dugu zuzendaritza taldeak".

Zarauzko Kirol Elkartearekin erlazioa
Oriok datorren denboralditik aurrera klub propioa izango badu ere, Lehendakariak argi adierazi du asmoa ez dela neskei mugak jartzea: "Denboraldi honetan Senior, Jubenil eta Kadete mailan oriotar asko daude talde desberdinetan banatuta, hemezortzi, eta hurrengo denboraldian ere bertan jarraitzeko aukera izango dute horrela nahi izanez gero. Zarauzko Klubarekin eskutik joan nahi dugu, gure nortasuna mantenduz. Neskak aske izango dira Zarautzera joateko edo gurera etortzeko".

Klubaren organigrama
Klubaren zuzendaritza taldea zazpi kidek osatu dute, lau emakumek eta hiru gizonek: Idoia Larrañaga, Garikoitz Garagarza, Alazne Arrillaga, Ander Agote, Olatz San Sebastian, Mikel Loidi eta Maria Azkuek, hain zuzen ere. Jarduera Fisiko eta Kirolean Lizentziatuek, Psikologian Lizentziatuek edota Magisteritzan diplomatutako lagunek osatu dute zuzendaritza zein kirol egitura. "Egitura xumea baina sendoa da. Guztiok zuzendaritzak eskatzen dituen lana egiteaz gain, taldeak gidatuko ditugu, eskarmentu handia dugu taldeak entrenatzen", argitu zuen Zuzendari Teknikoak. Datorren denboraldiko entrenatzaileak zuzendaritzako kide guztiez gain, Ania Amilibia, Laida Urbitarte eta Sara Mujika izango dira; horiekin batera, jubenil mailako jokalariak begirale-entrenatzaile gisa aritu dira klubak gaztetxoentzat antolatuko dituen ekintzetan.

Klubaren gastuak eta denboraldi bakoitzean taldeen gastuak aurrera eramateko diru iturri publiko zein pribatuetara joko dutela gehitu zuen lehendakariak: "Orioko eta Aiako Udalek beraien laguntza baieztatu dute proiektuaren hasiera honetarako. Une honetan taldeen patrozinio, babesle bila gabiltza. Datorren denboraldian bost talde federatu izango ditugu eta orain arte hiru talderen babesleak lortu ditugu, hain zuzen ere aipatu eta eskertu behar ditugu Sinergia Fisioterapia (bi talderen babeslea izango da) eta Neolith (talde baten babeslea izango da)". Hurrengo asteetan babesle gehiago lortzea espero du zuzendaritza taldeak.

Azkenik gehitu zuten kluba herrian errotu eta proiektuaren parte izatea nahi dutela, klubeko laguntzaile izanaz. "Norbaitek klubaren informazio gehiago eskuratu nahi badu edo laguntza emateko prest badago idatzi orioeskubaloia@gmail.com e-postara eta erantzuteko prest egongo gara" amaitu zuen Idoia Larrañagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide