Ibon Aranalde

"Sekula ez nuen pentsatu Ameriketara pilotan jokatzera joango nintzenik"

Aiora Larrañaga 2019ko apirilaren 13a

Ibon Aranalde pilotari oriotarrak Bertsopilota ikuskizuna eskainiko du Aste Santuan, Estatu Batuetako hainbat Euskal Etxetan.

Nola murgildu zinen Bertsopilotaproiektuan?
Orioko eta Villabonako pilota elkarteetako kideok elkarrekin entrenatzen dugu. Villabonako elkarteko pilotari Iñaki Lizasok jarri zuen Bertsopilotaproiektua martxan orain dela urte batzuk, eta aurten Aritz Lertxundiri eta niri proiektuan parte hartzea proposatu zigun. Tamalez Lertxundik lan kontuak direla-eta ezingo du AEBra joan.

Proiektuak kirola eta kultura uztartzen ditu. Zein da ikuskizunaren dinamika?
Binakako esku pilota partida jokatzen dugu, 22 puntura. Lau pilotarik eta bi bertsolarik parte hartzen dugu, eta bertsolariek botilero rola hartzen dute. Hauek partidaren hasiera eta bukaeran bertsoak botatzen dituzte ikuskizunari sarrera emateko eta agurtzeko; horrez gain, pilotarion atsedenaldietan, bertso saiotxoak ere egiten dituzte, umorea ibilita aurkariak zirikatzeko asmoz. Bertsoak bat-batekoak izaten dira, partidan gertatukoaren arabera sortzen dituzte, eta horrek berezia egiten du ikuskizun bakoitza.

Pilotarientzat partidak jokatzeko modua desberdina al da?
Pilotariak ahal dugun lanik txukunena egitera ateratzen gara kantxara, baina festa giroko partida dela ahaztu gabe. Ez dugu txapelketetako presiorik, eta ondo pasatzeko eta ikusleei ondo pasa arazteko asmoz jokatzen dugu. Oso gustuko dut proiektuak. 

Harrera ona izaten al du publikoaren artean?
Bai, giro ederra sortzen da. Duela bi urte esaterako, Argentinako Euskal Etxeetan aurkeztu zuten ikuskizuna, eta aipatu didate harrera bikaina izan zutela bertan. Aste Santuan Ameriketako Estatu Batuetan izango gara. Bertako hainbat Euskal Etxeekin harremanetan jarri gara, eta San Frantziskon, Bakersfielden eta Los Angelesen eskainiko dugu ikuskizuna; bestalde, oraindik baieztatu gabe badago ere, Las Vegasen ere egingo dugu saioa.

Esperientzia berria bizitzeko gogotsu al zaude?
Oso gustura nago eskaini didaten aukerarekin. Urte asko daramatzat pilotan jokatzen, eta denbora horretan jende eta toki pila bat ezagutu ditut. Dena dela, sekula ez nuen pentsatu Ameriketara pilotan jokatzera joango nintzenik; oparia da niretzat, eta esperientzia aprobetxatzea da nire asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide