Mutiozabal ontziola berritzeko lanen bigarren fasea bukatu dute

Karkara.eus 2019ko martxoaren 25a

Ontziolaren atzeko etxea berritzen dutenean, inguruan plazatxoa sortzea da Orioko Udalaren asmoa.

Mutiozabal Ontziola berreskuratzeko lanen bigarren fasea bukatu dute. Azken hilabetetan ekialdeko fatxada berregin, ur-konporta berria egin, barruko egitura sendotu, barruko gradak egokitu eta kanpoko pasarelak eraiki dituzte. Murgil-Betilan eta Amilibia enpresek egin dituzte lanak; Murgil-Betilanek eraikinari dagokion zatia egin du, eta Amilibiak, berriz, kanpoko eta barruko pasarelak eta mailak. Guztira, 125.441,58 euroko kostua izan dute lanen bigarren faseak.

Horrez gain, Azkoitiko Lanbide Eskola barruko ekipamendua egiten ari da; udaletik jakinarazi dute lanerako mahaiak eraberritzen ari direla une honetan, eta bestalde, ibilbideak osatzeko bi eskailera egin dituztela. Bestalde, jakinarazi dute atzeko etxea berreraikitzea bukatzen dutenean, plazatxo bat sortuko dutela ontziolaren ondoan. Aurrikusita epeal betetzen badira, urte bukaerarako amaituko dituzte lan horiek.

Saneamendu lanak
Atzo hasiko ziren Mutiozabal inguruko saneamenduaren eta ur edangarriaren lurpeko instalazioak berritzen. Obrak Altuna y Uria enpresak egingo ditu eta 303.262,35 euroko kostua izango dute. 100.000 euro Orioko Udalak ordainduko ditu, eta gainontzekoa Gipuzkoako Urak kontsortzioak, uraren ziklo integralerako inbertsioetatik. Obrak hiru hilabete inguruko iraupena izango du eta, tarteka, oinezkoen bidean eragina izango duela jakinarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide