Goenatxo III.ak jantzi du Urrezko harri-jasotzaileen txapela

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 3a

Jon Unanue 'Goenatxo III'.a, txapelarekin eta finaleko bi harriekin. (Ibon Errazu)

Jon Unanue Goenatxo III.a da Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren txapeldun berria. Kanporaketetan marka onena eginda iritsi zen finalera azkoitiarra, eta atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako finalean ere bera izan zen onena: 19 altxaldi eman zizkien, guztira, finalistek esku artean erabili behar zituzten bi harriei, 175 kiloko errektangularrari eta 150 kiloko kubikoari, denera 3.075 kilo batzeko. Aimar Galarraga oriotarra ez zen Goenatxorengandik oso urruti ibili (2.925 kilo batu zituen, 18 jasoalditan), baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak, berriz, ezin izan zion iaz lortutako txapelari eutsi eta bi finalkideengandik urruti gelditu zen, 15 altxaldirekin eta 2.475 kilorekin.

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarena zen atzo Izarraitzen jokatutako lau finaletan nagusia, eta bertan iazko garaipena berretsi zuten Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrek, nagusitasun osoz berretsi ere: 27 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten txapeldunek lanak betetzeko, iaz bezala bigarren sailkatu ziren Aitzol Atutxak eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak baino minututik gora gutxiago (28’15’’). Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak, berriz, ez zuten aukera handirik izan binakako beren aurreneko finalean (29’37’’).

Nerea Sorondok jantzi zuen txapela Emakumeen Urrezko Banakako Txapelketan, Maika Ariztegi aurreko txapeldunari eta Irati Astondoari aurrea hartuta. 23 urtez azpikoen finalean, berriz, Julen Larreak eta Hodei Ezpeletak osatutako bikotearentzat izan zen garaipena; Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra eta Joxean Etxeberria hirugarren tokian sailkatu ziren.

Hemen, Ibon Errazuk atzoko jaialdian ateratako argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide