Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko dute bihar arratsaldean Azpeitian, eta final nagusi horren bueltan beste hiru ere bai: Emakumeen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa, Urrezko Harri-jasotze Txapelketa eta gazte mailako Binakako Aizkolari Txapelketa. Final horietan ariko diren kirolarietako asko udaletxean elkartu zen atzo arratsean, biharko hitzorduaren berri emateko egin zuten prentsaurrekoan. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño bikotea final nagusian, harri-jasotzaileen finaleko hiru protagonistak –Xabier Aranburu Guzta, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Galarraga–, eta Aritz Azpiazu Arria VI.a aizkolari gazteenean –Joxean Etxeberria bikotekide duela– izango dira eskualdeko ordezkariak Izarraitz pilotalekuan 17:30ean hasiko den jaialdian.
Ordu eta erdi lehenago, 16:00etan, irekiko dute frontoiko txarteldegia, sarrerak erosi nahi dituztenentzat. 18 urtetik beherakoak, berriz, doan sartu ahal izango dira finalak ikustera.