Larrañagak eta Otañok eskuratu dute Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerako txartela

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 6a

Beasainen jokatu zuten atzo Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehenengo finalerdia, eta azpeitiarrak eta beizamarrak minutu eta erdiko aldea atera zieten Iñaki Azurmendiri eta Ugaitz Mugertzari. Harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketan, berriz, Aimar Galarraga oriotarrak ere lortu du finalerako txartela. Martxoaren 3an jokatuko dira finalak, Azpeitian.

Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatu zuten lehen finalaurrekoa. (Goierriko Hitza)

Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako lehenengo finalerdia jokatu zuten atzo, asteartea, Beasaingo Antzizar kiroldegian, eta han neurtu zituzten indarrak Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak eta Iñaki Azurmendik eta Ugaitz Mugertzak osatutako bikoteek. Guztira, lau proba jokatu zituzten, eta eskualdeko aizkolariek minutu eta erdiko aldea atera zieten Azurmendiri eta Mugertzari; hori hala izanik, finalerako lehen txartela eskuratu zuten Larrañagak eta Otañok. Martxoaren 3an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute finala.

Beasainen ospatutako Loinazko San Martin egunean jokatu zuten kirol jaialdia, eta Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako jardunaldiaz gain, harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketaren laugarren jardunaldia ere jokatu zuten. Bertan, Aimar Galarraga oriotarrak ere aizkolarienarekin batera Azpeitian izango den finalerako txartela lortu zuen. Oriotarra 175 eta 150 kiloko bi harrirekin aritu zen lanean; 175 kilokoarekin 9 jasoaldi egin zituen eta 150 kiloko kubikoarekin 7. Guztira, 16 jasoaldi eta 2.625 kilo batu zituen Galarragak. Horrenbestez, jokatu diren lau jardunaldietako bigarren marka onena lortu zuen atzo Beasainen oriotarrak. Finalean hiru harri-jasotzaile ariko dira, kanporaketa bakarra falta da jokatzeko, eta ondorioz, Galarragak ziurtatua du txapelaren bila aritzea, Jon Unanue Goenatxo azkoitiarrak bezalaxe; orain arte altxaldi (18) eta kilo (2.925) gehien lortu dituen harri-jasotzailea da Goenatxo.

Hilaren 17an, berriz, Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Oñatin, eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta Jon Rekondok osatutako bikoteak Iker Vizente eta Ruben Saralegiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Egun horretan, gainera, harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketaren bosgarren eta azken jardunaldia ere izango da, eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna lehiatuko da han; Guztak Oñatin egiten duenaren arabera, berak edo Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak osatuko dute martxoaren 2ko harri-jasotze finala..

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide