Orioko Herri Ikastolak Orioko 9. Mendi Lasterketa antolatu du maiatzaren 11rako. Arratsaldean jokatuko da lasterketa, 16:00etan hasita, eta 22 kilometroko ibilbidea eta 1.100 metroko desnibel positiboa izango ditu. Bertan parte hartzen dutenek korrika Orioko mendiez eta kostaldeaz gozatzeko aukera izango dute, eta Kukuarri mendia izango da korrikalariek gainditu beharko duten mendirik altuena, 364 metrorekin.
Antolatzaileek jakinarazi dute 350 lagunentzat tokia izango dela lasterketan, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko aukera, Rockthesport.com helbidean. Izena emateko parte hartzaileek beren datuak sartu beharko dituzte atarian, eta erabiltzen duten kamisetaren taila zehaztu. Lasterketan parte hartu nahi dutenek, apirilaren 22ra bitartean izena ematen badute 22 euro ordaindu beharko dituzte, eta egun horretatik maiatzaren 10era bitartean inskribatzen direnek, berriz, 25 euro. Bestalde, tokia egonez gero, lasterketa egunean bertan izena emateko aukera irekiko dute antolatzaileek, 30 euroren truke.
Mendi lasterketan 18 urtetik gorako atletek parte har dezakete soilik, eta gizon eta emakumezkoen kategoriatan banatuko dira korrikalariak.