Gazteak izan arren, Laida Urbitartek (Orio, 2002) eta Sara Mujikak (Orio, 2003) Orioko Eskubaloi Taldearen gidaritza hartu dute denboraldi honetan. Proiektuaren nondik norakoak izan dituzte hizpide.
Nola sortu zitzaizuen eskubaloi entrenatzaile izateko aukera?
Laida Urbitarte: Gu eskubaloi jokalariak gara. Aurten infantil mailako bi talde ditugu herrian, eta arduradunak bigarren talderako entrenatzaile bila ari zirenean, gaztetxoen taldea guk gidatu genezakela pentsatu zuten. Horregatik, lehenengo infantil mailako gazteak entrenatzeari ekin diogu aurten.
Duela urte gutxi sortu zen eskubaloi taldea Orion. Zuek bertan hasi al zineten eskubaloian jokatzen?
L.U.: Nik kimuen mailan teknifikazio saioak egin nituen Zarautzen, eta federatu nintzen lehen urtean Orion talderik ez zegoenez, Zarautzen aritu nintzen. Bigarren urtean etorri nintzen Oriora.
Sara mujika: Ni hasieratik Orion hasi nintzen eskubaloian, infantil mailako taldea sortu baigenuen duela 3-4 urte.
Infantil mailako gaztetxoekin lan egiten duzue, zertan saiatzen zarete?
S.M.: Adin horietan garrantzitsuena eskubaloirako zaletasuna piztea eta kirola erakustea dira. Horrez gain, parte hartzea, jokalarien arteko harremana eta taldea izaera indartzeari ere garrantzi handia ematen diogu. Emaitza bigarren mailan geratzen da.
Orion eskubaloi taldea mantentzeko zailtasunik ba al duzue?
L.U.: Orion arraunak eta futbolak indar handia daukate, baina uste dugu Orion taldea sortu genuenetik gero eta gaztetxo gehiago animatzen direla eskubaloian jokatzera, batik bat neskak.
S.M.: Egun infantil mailako bi talde eta kimuen eskubaloi eskola ditugu Orion. Tamalez, kadete eta jubenil mailan ez gaude taldea osatzeko nahiko jokalari, eta Zarautzen jokatu behar dugu.
L.U.: Izan ere, Zarauzko elkarteak Euskal Ligan jokatzen du, eta inguruko herrietako jokalaririk onenak hautatzen ditu talderako.
Zuei nondik datorkizue eskubaloirako zaletasuna?
L.U.: Niri familiatik datorkit zaletasuna, gurasoak eskubaloian jokatzen zutelako. Gainera, nire aita, Aitor Urbitarte, eskubaloi entrenatzailea izan da urte askotan.
S.M.: Nire etxean, berriz, arraunlariak izan dira denak, baina Eskola Kirolaren barruan kirol desberdinak probatu nituen, eta azkenean, eskubaloia aukeratu nuen. Kirol aproposa iruditzen zait, taldeko kirola denez, jokalari guztien lana delako garrantzitsua.
L.U.: Nik jokalarien arteko laguntasuna nabarmenduko nuke. Nik, esaterako, lesio larria izan nuen, eta hori gainditzeko ezinbestekoa izan zen taldearen indarra eta babesa.
Taldekideen arteko harremanak lantzeko jarduera berezirik antolatzen al duzue?
L.U.: Aurten, Aste Santuan Portugalera bidaiatuko dugu txapelketa bat jokatzera. Horrelako irteerekin talde izaera lantzen da, eta jokalarien arteko harremanak sendotzen dira. Garrantzitsua iruditzen zaigu, entrenatzen dugun taldean oriotarrez gain, Aiako eta Zarauzko jokalariak ere baditugula. Guk Orion jokatzen genuenean ere egin genuen mota horretako bidaia bat eta oso emaitza onak eman zituen.
Hurrengo urteetan entrenatzaile izaten jarraitzeko asmorik ba al duzue?
S.M.: Oso gustura gaude, eta etorkizunean proiektuarekin jarraitzeko asmoa dugu. Gainera, ez gaude bakarrik, beste bi entrenatzailek eta Laidaren gurasoek laguntzen baitigute behar dugunean.
Gurasoek aholkuak ematen al dizkizute Laida?
L.U.: Aitak zenbait aholku ematen dizkit, eta entzuten diot, baina ez diot nire kontuetan gehiegi sartzen uzten. Izan ere, aitaren aholkuak pertsonalki hartzen ditut beti. Beste entrenatzaileen iritziak ere entzuten ditut.