Orioko merkataritza sektoreak dituen erronkei erantzuteko, Orioko Udalak eta Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak elkarlana indartu dute. Horren barruan marka bateratu bat sortu dute,
Orion bixi izenekoa, eta marka hori erabiliko dute aurrerantzean, herriko merkataritza suspertzeko egiten dituzten jarduera guztietan.
Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programatik diru laguntza jaso ohi du kale komertzialak apaintzeko eta txukuntzeko, eta horren bidez sortu dute aurten Orion bixi marka. Urtero Orioko Udalak eta Arkupe elkarteak erabakitzen dute Hirigune diru laguntza zein proiektuetara bideratu behar den. Elkarteko bozeramaile Karmele Garmendiak azaldu duenez, 2019an Aita Lertxundi kaleko espaloiak berritzeko lanak egin nahi dituzte. Aurreko urteetan berriz, Eusko Gudari kalearen eta Arrantzale kalearen arteko bi tunelak, edo Antilla tabernaren aurreko plaza txukundu zituzten Hirigune programatik jasotako laguntzarekin.
Atun-sarda
Gabonen aurretik egin zuten Orion bixi markaren aurkezpen ekitaldia, eta Eusko Gudari kalearen hasieran jarri dituzten atun-sardaren eskultura inauguratu zuten. Eskultura Jokin Eizagirre usurbildarrarena da, eta hamar atun irudikatzen ditu, sardan. Xixario erretegiaren aurre-aurrean kokatuta dago, garai batean arrantzaleen sotoak izandako eraikinaren etxaurrean. Eskultura atun-latez osatuta dago, eta ikusgarriago egiteko argiak ere baditu. Arrain bakoitzak hiru metroko luzera du eta hamar arrain dira guztira. Udalak jakinarazi duenez, eskulturaren egileak atun-sardaren irudia aukeratu du, "batetik, oso ondo uztartzen delako herriaren marinel izaerarekin; eta bestetik, ederki irudikatzen duelako merkatariek eta udalak lortu nahi dutenarekin: guztiek batera igeri egiteko helburura iristea, alegia".
Eskultura Gabonen aurretik jarri bazuten ere, ez da opor garairako prestatutako apaingarria, urte osoan bertan egongo baita.
Merkataritza dinamizatuz
Arkupe elkartea "oso gustura" dago atun-sardaren eskulturak herritarren artean izandako harrerarekin. "Guretzat oso garrantzitsua da Orioko merkataritzari eta merkatal guneari identitatea ematea, kalea bizitzeko". Horregatik, urtean zehar Orion bixi leloa ardatz hartuta jarduerak egin nahi ditu Arkupek herriko merkataritzari bultzada eman, eta oriotarrak bertako dendetan erostearen garrantziaz ohartarazteko. "Herritarrek herrian erosten ez badute, pixkanaka negozioak ixten joango dira, eta bizi gabe geratuko da herria".