Arrantzaleak lehorrean badaude ere, martxoa inguruan abiatuko duten berdelaren kanpaina da hizpide azken astetan. Izan ere, Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera egin zen abenduaren amaieran Bruselan, eta bertan 2019. urterako arrantza kuotak zehaztu zituzten. Hartu zituzten neurrien artean dago, besteak beste, berdelaren kuota %20 murriztea, eta arrantzaleek uste dute jaitsiera horrek "gogor kolpatu" dezakeela sektorea. Batez ere berdela amuarekin harrapatzen duten ontzi txikien jarduna, horiek txitxarrotara itsasoratzen ez direnez, ezingo dutelako galera hori handiek bezainbeste konpentsatu.
Eskualdeko arrantzaleak "haserre" daude erabakiarekin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailetik jakinarazi zuten, aurten 11.000 tona berdel arrantzatzeko baimena izango dutela Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, Europar Batasuneko kuota osoaren %1,15, eta Estatu Espainolaren kuotari zegokion %33, hain zuzen ere.
Europako Arrantza batzordetik azaldu dutenez, hasiera batean zientzialariek berdelaren kuota %42a murriztea proposatu zuten, "espeziea egoera larrian" dagoela uste dutelako. Dena dela, azkenean %20 jaitsi dute, espeziearen harrapaketaren "irizpide sozio-ekonomikoak eta mendekotasun" irizpideak aintzat hartuta. Hala ere, Getariako Arrantzaleen Kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik uste du "interes ekonomiko eta politikoak" daude atzean. "Ez dakit azterketak nola egiten dituzten, baina azken urtetan gure kostaldera ondo iritsi da berdela, eta ez dugu espeziea arriskuan ikusten. Gure arrantza sistema jasangarria da, eta gu gara arrantzatzen ditugun espezieen etorkizuna bermatzeko interesatu nagusiak, baina oraingoan ez dugu ulertzen berdelaren kuota %20 jaistea".
Merkatuaren beharra
Urrestik salatu du erabakiak hartzen direnean ez dela kontutan hartzen tokian tokiko egoera sozio-ekonomikoa. "Europa iparraldean arrantza ontzi handiek harrapatzen dute berdela. Horietako bakoitzean 20 lagun inguruk lan egiten du, baina 8-10 milioi kiloko kuota du ontzi bakoitzak. Kantauri itsasoan berriz, 11 milioi kilorekin mila lagun bizi gara. Beraz, ez dute kontutan hartzen alderdi sozio-ekonomikoa". Euskal arrantzaleek hitz egiten dute Eusko Jaurlaritzarekin, baina jakin badakite arrantza kuotak Espainiako Gobernuak negoziatzen dituela, "inoiz ez dakigu zer jartzen duten mahai gainean eta lagapen horiek zeren truke onartzen dituzten", aitortu dute. Ildo horretan, Getariako Kofradiako presidenteak uste du, kuotaren gora-beherak askotan "merkatuaren interesen araberakoak" izaten direla. "Ez dute nahi guk berdel asko merkaturatzerik, eta beste herrialde batzuren merkatuan sartzerik".
Arraina lehorreratu
Urte hasierarekin batera, bestalde, indarrean jarriko da arrantzatzen diren arrainak sailkatu eta lehorreratzeko obligazioa. Hau da, arrain bazterkinak itsasoan botatzea erabat debekatuta egongo da harrapaketa mugatuta dituzten espezietan, eta sareetan harrapatutako arrain guztia porturatu beharko dute.