Jostailu erabilien truke azoka izango da Orion larunbatean

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 12a

Herrio natur taldearen eskutik, bederatzigarrenez antolatu dute jostailu erabilien truke azoka. Abenduaren 14an, ostirala, bigarren jostailu bilketa egingo dute Orioko herriko plazan, hurrengo egunerako jostailuak jasotzen jarraitzeko.

Orioko herriko plazan izango da jostailu erabilien azoka. (Karkara) Herrio natur taldeak jostailu erabilien azoka antolatu du Orion abenduaren 15erako, larunbata, bederatzigarren urtez jarraian. Etxeetan erabiltzen ez dituzten jostailuak biltzea eta truke azokaren bidez erabilpen berri bat ematea da helburua, antolatzaileen esanetan. Aurten 10:30etik 14:00etara izango da azoka, Orioko herriko plazan. Eguraldi txarra eginez gero, baina, frontoian izango da.

Jostailu bilketak

Azaroaren 30ean egin zuten lehenengo jostailu bilketa Herrioko kideek, Zaragueta Herri Eskolan eta Orioko Herri Ikastolan. Abenduaren 14an, ostirala, bilketarako postua jarriko dute berriz, Orioko herriko plazan, hurrengo eguneko azokarako jostailuak jasotzen jarraitzeko. 17:00etatik 19:00etara izango dira postuan. Bildutako material guztia sailkatu eta hiru koloretan banatuko dute: horia, urdina eta gorria. Jostailu guztiak larunbateko azokan  jarriko dituzte eskuragai. Haurrek, nahi izanez gero, koloretako txartel bat jasoko dute, horia, urdina edo gorria, kolore berdineko txartela duen beste jostailuren batengatik trukatzeko. 8 urtetik beherako haurrek arduradun bat izan beharko dute. Bestalde, egunean bertan etxetik jostailuren bat azokara eramanez gero, azokan jarritakoekin trukatzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek. Antolatzaileek azaldu dutenez, trukean parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da jostailuak osorik eta egoera onean egotea. Azoka amaitzean, inork eraman ez dituen jostailuei erabilpena emango diote Herriokoek: irabazi asmorik gabeko erakunde batetara bideratuko dituzte.

Gabon jaiei begirako eskaintza kulturala

Jostailu erabilien truke azokaz gain, mandala tailerra ere izango da asteburuan, Mandalara kultur taldearen eskutik. Igandean izango da, abenduak 16, 16:30ean Orioko kultur etxean. Jarraian, herriko zuhaitza apainduko dute egindako mandala guztiekin. Asteburuko ekimenekin emango diote hasiera Gabon jaiei begira Orion antolatutako kultura egitasmo sortari. Asteazkenean, abenduak 19, Gabonetako kontzertua izango da elizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide