Nerea Arriaga 'Txirrita' irrintzilaria 'Erraiak' dokumentalean. (Nerea Arriaga)
Nerea Arriaga Txirrita "txikitatik" aritu da irrintziak botatzen: "Amak erakutsi zidan. Bera ere irrintzilaria da, baina etxe barruan. Ez du jende aurrean egiten". Orioko ibai inguruan irrintzika aritzen ziren ama-alabak. Arriagaren esanetan, "irrintzia botatzen ikasi nuenetik, momentu alaietan barrenetik ateratzen zaidan erantzuna da". Gainera, norberari modu indibidualean ernaltzen zaion oihu bat izan arren, ondasun kolektibo bat bilakatzeko gaitasuna duela azaldu du: "Inguruko guztiak biltzen ditu irrintziak".
Arriagak azaldu duenez, "historia osoan, ez da inoiz irrintziari buruzko ezer jaso eta dokumentatu". Hutsune honi egin dio aurre Erraiak lanak; irrintziaren inguruko lehenengo dokumentala da, eta Ekain Martinez de Lizarduy zuzendariaren arabera, helburua "gure altxor honi duen garrantzia eman eta gaiaren inguruan dagoen ezjakintasunari argia ematea" da.
"Ekain Martinez de Lizarduy nirekin harremanetan jarri eta Erraiak proiektua azaldu zidanean, oso polita iruditu zitzaidan", azaldu du Arriagak. Dokumentalak "irrintziaren esanahia" jorratzen duela esan du, hizketan ageri diren pertsona desberdinen ahotik eta ahotsetik. Bestalde, "Euskal Herrian dauden irrintzi mota desberdinak" ere lantzen ditu. Arriagaren iritziz, "irrintzi mota bat ez da bestea baino hobea. Bakoitzak bere ezaugarriak, berezitasunak eta balioa ditu".