Orioko kofradia zaharra.
Azken urtetan Orioko Arrantzaleen Kofradiaren eraikinaren egoera txarrak zeresana eman du herrian, baina badirudi gaiari irtenbidea emateko adostasun batera iritsi direla Orioko Udala, Orioko Arrantzaleen Kofradia eta Dikeko lur jabeak.
EH Bilduk, Orainek eta PSE-EEk eskatuta, hiru aldeak ados jarriko zituen hitzarmena idazteko lanean hasi zen Udal Gobernua. Horretarako, Udalbatza osatzen duten alderdietako, Arrantzaleen Kofradiako eta Dikeko lur jabeen ordezkariek hainbat bilera egin dituzte azken hilabetetan; besteak beste, bertan parte hartu du Orioko alkate Joxe Angel Zalduak, EAJren izenean. Egindako ahaleginak emaitza eman du; izan ere, adostasunera iritsi dira hiru aldeak, eta hurrengo urtetan Orion landuko den hirigintza proiektuaren oinarriak zehaztu dituzte.
Hitzarmenaren oinarri nagusiak.
Orioko Udalak eta Kofradiak 2005ean hitzarmena sinatu zuten, eta bertan zehaztu zuten eraikinak 2.570 metro koadro zituela. Horiek Kofradiaren orubean exekutatu ezin direnez, eskubide urbanistiko horiek Dikeko planera pasatuko dira, eta horrela jaso dute hitzarmen berrian.
Bestetik, kofradia zaharra bota, eta bertan 2.000 metro koadroko eraikin berria egitea da asmoa. 1.500 metro koadro ekipamendu publikora bideratuko dituzte, eta gainontzeko 500 metro koadroak Orioko Arrantzaleen Kofradiarentzat izango dira, bertan egoitza soziala ezarri dezan. Eraikinaren kostua Dikeko lur jabeek eta Kofradiak bere gain hartuko dute, baina Udalari utziko diote eraikina dohainik ekipamendu publikorako erabili dezan.
Horrez gain, Dike eremuan bizitokietara bideratutako 24.000 metro koadro eraikitzea aurreikusi dute hitzarmenean. Horietatik, 3.898 metro koadro babes ofizialekoak izango dira, eta 1.513,5 metro koadroetan etxebizitza tasatuak egingo dituzte. Gainera, 3.000 metro gordeko dituzte hirugarren sektoreko lokalak kokatzeko, eta berdeguneak eta oinezkoen alderdiak ere izango ditu eremuak. Bestalde, hitzarmenean zehazten da 900 metro koadroko lursaila emango zaiola Udalari, nahi izanez gero etorkizunean bertan eraikin publiko bat egin dezan.
Irailaren 17an egindako bileran, gaiak duen garrantzia kontutan hartuta, erabaki zuten urriko lehen astean abiatuko dutela hitzarmenaren tramitazioa. Ildo horretan, Dikeko lur jabeen eta Orioko Kofradiaren bozeramaileek aurreratu dute, aurreikuspenak betetzen badira, hitzarmena sinatu eta urtea amaitu aurretik kofradia zaharra bota ahal izango litzatekeela; modu horretan portuan egin beharreko lanak erraztuko lirateke.