Aita-alabak irribarretsu, bidean zehar. (L.Bravo)
Urtero-urtero joan ohi dira Leire eta Patrizio La Zarzara udan, familia bertakoa baitaukate. Aurtengoan, ordea, haraino bizikleta gainean joatea erabaki zuten. "Besterik gabe sortu zen ideia, aurretik asko pentsatu gabe".
Kirolean arituak diren arren, bizikletarekin aurrez horrelako ezer egin gabea zela aitortu du Leirek, eta Patriciok, berriz, duela urte batzuk Donejakue bidea egin zuen gurpil gainean, pare bat aldiz. Hala ere, Donejakue bidean topatu ohi den erraztasunik ez dutela izan azaldu dute biek. "Donejakue bidean geziek esaten dizute norantz joan behar duzun eta oso masifikatua dago, azkenean hori ere komertziorako kontu bat bihurtu da. Guk, berriz, askotan ez genekien zein norabide hartu behar genuen, bihurgune baten atzetik zer zetorren, zein zen hurrengo herria...". Mugikorraren jarraibideen zehaztasun falta dela eta, sarri olibondo edo mahasti soroen artetik hartu behar izan zituzten lasterbideak, beraz, mota guztietako lurzoruak igaro behar izan zituzten.
Oroitzapenik politenaz galdetuta, norabide bereziko bidaia hartan bizitako xehetasun txikiak aipatu ditu Patriziok. "Herrietan ikusten gintuen jendeak uste zuen nahastuta genbiltzala eta norabidez aldatzeko esaten zigun". Hala ere, bidean topatu duten jendeak zoragarri tratatu dituztela azaldu du Leirek, eta ikusitako lekuak eta animaliak ere gogoan dituzte. "Bide zoragarrietatik ibili gara. Zati batzuetan errepide nazionalari belarra ikusten zitzaion, beraz, pentsa zitekeen denbora luzez ez zela kotxerik igaro handik".
Sufrimendutik ere bai
Ez da guztia gozoa izan, ordea. Bero boladak latzak harrapatu zituen, eta zalantzarik gabe, eramateko gogorrena hori izan dela azaldu du Leirek. "Donejakue bidea oinez egiten ari zen jendearekin gurutzatu ginen, eta nik garbi neukan ezingo nukeela egin beraiek egiten ari zirena". Egun batzuen ondoren gorputza ahiturik, tenperatura altuekin kalanbreak sentituz... Bidearen erdian etsi eta trena hartuko zutela uste izan zuten momentu askotan, baina, azkenean, egoskorkeriak indar gehiago izan zuen. Susto bat edo beste ere izan zuten bidean. "Herri batean esan ziguten gu iritsi baino bi egun lehenago Zilarraren bidea egiten ari zen erromes bat deshidratatuta hil zela hara iritsi aurretik. Horrelako gauzak entzutean asko beldurtzen zara, eta handik aurrera erromes bat ikusten genuen bakoitzean gelditu egiten ginen, zerbait behar zuen galdetzeko".
Oriokoa izanik, inguruko herrietako festak galduko zituenaren damua ere bazeukan Leirek, baina, aitarekin horrelakorik egiteko askoz aukera gehiago ez dituela izango azaldu du, eta festetara, aldiz, nahi duen guztitan joan daitekeela. Denbora asko igaro dute batera aita-alabek, eta horrek elkar gehiago ezagutzeko balio izan diela azaldu dute. Aurrera begira, horrelako beste bideren bat berriro egingo lukeela ere aipatu du Leirek.
Eskaintza berezia
Meridara (Badajoz, Espainia) iritsi zirenean, jadanik La Zarzan zeuden lehengusu batzuk joan ziren euren bila. Bizikletan hauek ere, baina bide laburxeagoa eginda, La Zarzatik Meridara 30 kilometro inguru baitaude. Behin familia elkarturik, hilerrirako bidea hartu zuten guztiek batera, eta bidaiako azken aldapa gogorra igo ostean, joan den urtean zendu zen Patricioren osaba bati eskaini zioten abentura. "Oso gertukoa zen osaba, eta familiakoek eskaintzarena jakin zutenean asko hunkitu ziren".