Aimar Galarragak irabazi du I. Ibiur Harria Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2018ko abuztuaren 16a

Hamar jasoaldi lortu zituen oriotarra, eta haren atzetik sailkatu ziren Peñagarikano eta Kortaberri, hurrenez hurren. Hona hemen Tolosaldeko Atariak eginiko kronika.

Ibiur Harria Txapelketako parte hartzaileak. (Tolosaldeko Ataria) Aimar Galarraga oriotarrak irabazi du Baliarrainen jokatu den I. Ibiur Harria Txapelketa, hamar jasoaldi eginez. Ikusmina sortu du festen barruan herriko harri baldarrarekin egindako lehen txapelketak, jende ugari elkartuz plazan. Galarragaren atzetik Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra sailkatu da, bederatzi jasoaldirekin; beste bat baliogabetu egin dio epaileak. Hirugarren Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra izan da, zortzi jasoaldirekin. Iban Ugartemendia hernialdearra izan da laugarren, zazpi jasoaldirekin. Bosgarren Gorka Etxeberria ortzaikarra izan da, bost jasoaldirekin. Jasoaldi berdinak egin ditu Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak, baina Etxeberriak baino gehiago pisatzen duenez, seigarren postuan geratu da. Zazpigarrena Josu Urbieta aiarra izan da, lau jasoaldirekin.
Galarragak espero zuen txapelketan ondo ariko zela: "Harria probatzera etorri ginenean gustura ibili nuen". Seigarren aritu da txapelduna, eta besteek egiten zituzten jasoaldi kopuruen erreferentzia izan du. "Halere, gero gaitasuna izan behar da besteen lana hobetzeko. Peñak bederatzi jaso ditu, eta nik hamar jaso behar nituen, gehien pisatzen zuena ni bainintzen, eta horretara joan naiz". Albiste osoa eta argazkiak: Tolosaldeko Ataria

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide