Lourdes Salsamendi Orioko Udaleko Kultura eta Turismo batzordeburuaren iritziz, ez zuten espero Los 40 Summer Live jaialdiak herrira ekarritako jende uholdea, eta are gutxiago, ekimenak trafikoan eragindako nahasmena. Baliabide faltaren eta euri jasen ondorioz ekimena nahi bezala atera ez arren, herrian eragin positiboa izan duela iritzi dio.
Norena izan zen Los 40 Summer Live jaialdia antolatzeko iniziatiba?
Jaialdiko arduradunak ekaina hasieran jarri ziren Orioko Udalarekin harremanetan; egia esan, ekimenak duen dimentsiorako, nahikoa berandu. Niri alkatetzatik pasa zidaten abisua, eta gaia Turismo, Kultura eta Festak batzordera eraman nuen.
Momentu horretan, jaialdia ez zen ekonomikoki bideragarria gure batzordearentzat; urte garai horretarako, urteko diru partida gehienak bideratuta izaten ditugu. Besteak beste, iaz bezala, Oriotarrock jaialdia antolatzeko iniziatiba genuen, baina deialdia egindakoan, herriko musikari bakarra azaldu zen bilerara.
Los 40 ekimenera itzuliz, batzordekide batek jaialdia Arkupe elkartearekin elkarlanean antolatzeko aukera proposatu zuen, turismoko aurrekontuaz gain ostalaritzara eta merkataritzara bideratzen denaren zati bat erabiliz. Arkupek baiezkoa eman zuen.
Alegia, Arkupek urtean diru kopuru bat jasotzen du, merkataritza eta ostalaritzako partidetatik (Udal Aurrekontuetatik datorren dirua), eta
Los 40-rako kopuru horren zati bat erabiltzea erabaki zuten. Hori adostu aurretik, beste mota bateko jaialdiren bat egiteko aukera jarri nien mahai gainean, Euskal talde ezagunen bat ekarriz.
Zergatik ez zen aukera hori gauzatu?
Los 40 jaialdiaren kostua nahikoa baxua zelako, prezio horren barruan eskaintzen zuten guztirako: eszenatokiaren muntaia, musika ekipoa, teknikoak, artista ezagunak... Espainia mailan Oriok promozio eta oihartzun handia izan du jaialdiari esker; aurrerantzean, promozio mota hori nahi dugun edo ez erabaki beharko dugu.
Publizitateaz gain, jaialdiaren ostean antolakuntzaren aurkako iritzi ugari argitaratu ziren sare sozialetan, eta Noticias de Gipuzkoa-ko kazetari batek El desconcierto de Orio artikulu luzea argitaratu zuen. Hori kontuan hartuz, zein da zuen balantze orokorra?
Momentu honetan datuak biltzen ari gara, eta alderdikideok hurrengo astean egingo dugu balorazio orokorra; bestalde, iraila hasieran Kultura eta Turismo Batzordean ere aztertuko dugu gaia, Bilduko ordezkariak hala eskatuta.
Hasiberrien akatsak egin ditugu antolaketan, ez genuelako aurreikusi jaialdiak ekar zezakeen jende uholdea. Hala ere, euria izan zen, nire ustez, egoera gehien aldrebestu zuen faktorea. Euririk bota ez balu, errepidean izango ziren auto-ilarak, baina nahasmena ez zen hainbestekoa izango.
Herriko ostalariekin hitz egin ostean, balantzea oso ona da. Euria hasi aurretik hondartzan gustura egon ziren herritarrekin ere egon naiz, eta haien hitzetan, giro ona egon zen hondartzan. Bestalde, Orion sekula egon gabeko jende asko etorri zen herrira. Orioko hondartza musika jaialdiak antolatzeko leku egokia dela iritzi zuten askok.
Ondo identifikatu ditugu gure akatsak, eta aurrera begira, askoz hobeto antola dezakegu horrelako jaialdi bat; agian, egoerak boluntarioekin lan egitea eskatuko luke, eta Arkuperekin hausnarketa egin beharko dugu horri buruz.
Ikusi elkarrizketa osorik Karkara.eus-en.