Asier Gozategirekin elkarrizketa musikatua antolatu du Karkarak, ostiralerako

Urola Kostako Hitza 2018ko ekainaren 20a

Iñigo Gaiton kazetariak Asier Gozategi elkarrizketatuko du Orioko Kultur Etxeko areto nagusian

Asier Gozategi. (Iñigo Gaiton/Karkara) Karkarak elkarrizketa musikatua antolatu du Asier Gozategirekin, ostiralerako. Iñigo Gaiton kazetariak elkarrizketatuko du musikari oriotarra 21:30ean hasita, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian. Elkarrizketan zehar abestien sorkuntza prozesua azalduko du Gozategik, azken hamarkadetako musika ibilbidea errepasatuko du hainbat bitxikeria azalduz, eta zuzenean lauzpabost abesti eskainiko ditu, gainera. Iñigo Gaiton kazetariak azaldu du, Karkarako papereko edizioko egin zion elkarrizketatik sortu zela elkarrizketa musikatua egiteko ideia. «Elkarrizketa egin nionean hainbat bitxikieria kontatu zizkidan, eta parrez aritu ginen. Kontatzeko zituen istorio pila ikusita, komentatu nion polita izango zela gure artean izaten ari ginen elkarrizketa herritarrei zuzenean entzuteko aukera ematea». Asier Gozategiri formatu berri batean bere kantuak eta ibilbide profesionala ezagutzera emateko aukera aproposa iruditu zitzaion, eta elkarrizketa musikatua antolatu dute. Ekimena doakoa izango da Karkara lagunentzat, eta gainontzeko herritarrek bost euro ordaindu beharko dituzte. Dena dela, kontzertu musikatuaz gozatu nahi duten Karkara lagunek ere sarrerak jaso beharko dituzte kultur etxeko lehen solairuan. Sarrerak salgai daude gaurtik aurrera kultur etxeko lehen solairuan 08:30etik 17:30era, eta kontzertua hasi aurretik areto nagusiaren atarian. Karkara kultur eragile Gozategiren kontzertu musikatuarekin bidea berria probatu nahi du Karkara elkarteak. «Euskarri desberdinen bidez oriotarrak eta aiarrak informatzeaz gain, elkartearen kultur eragile izaera ere indartu nahi dugu. Gozategiren elkarrizketa bide berri horretan lehen urratsa izan daiteke». Beraz, ekimenak herritarren artean arrakasta badu, formatu txikiko kultur egitasmo gehiago antolatzeko prest da Karkara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide