Korronte handia eta haizea izan ziren nagusi E.T.E. ligako lehen jardunaldian, eta lehen txandan jokatu zuten traineruek arazo handiak izan zituzten irteera puntuan lerrokatzeko. Ondorioz, hurrengo txandetan gora-beherak ekiditeko irteera azkarra eman zuen epaileak.
Orioko traineruak hirugarren txandan jokatu zuen, San Juan, Hibaika eta Donostia-Arraun Lagunak traineruen aurka. Lehen kaletik aritu zen Orio, eta lehen luzean bigarren postuan jarri zen San Juanengandik 2 segundora. Ziaboga ederra eman zuten oriotarrek, eta arazoak izan zituzten pasaitarrek, beraz Orio estropadaren buruan jarri zen bigarren luzean. Une batean San Juani 12 segundo ere aterata zizkion traineru horiak, baina pasaitarrak pixkanaka tartea txikituz joan ziren, eta Orio baino lehentxeago iritsi ziren helmugara. Dena dela, epaileak hiru segunduko zigorra jarri zion San Juani ziabogan Hibaikaren kontra talka egiteagatik, eta bandera irabazi zuten oriotarrek.