Arkupe elkarteko eta udaleko ordezkariak, ostegunean egindako agerraldian. (Argazkia: Orioko Udala)
Martxan da Orioko Udalak eta Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak adostutako neurria. Orioko dendetara eta establezimenduetara autoz joateko erreztasunak eman nahi dizkiete herritarrei. Adostutako neurriaren bitartez, Orioko erdigunean aparkatzeko muga ordu erditik ordubetera luzatuko dute. Bestetik, aparkamendu disko bat emango diete gidariei, autoa zein ordutan aparkatu den eta aparkatzeko denbora noiz bukatzen den jakin ahal izateko.
Saltokietara autoz erraz eta inolako kosturik gabe gerturatzeko aukera eskaintzeaz gain, Orio erosketetarako «leku eroso» bilakatu nahi dute, herritarrentzat nahiz inguruko herrietako bisitarientzat. Ordutegi komertzialetik kanpo, ordea, ohiko aparkalekua izatera igaroko da erdigunea. Hain justu, bertako bizilagunek inolako denbora mugarik gabe aparkatzeko aukera izango dutela jakinarazi dute.
Seinaleak eta diskoak
Bezeroak aparkatzeko orduaren muga zein den jakin dezan, aparkamendu diskoak eskuratu ahal izango dituzte establezimenduetan. Diskoa autoaren aurrealdean jartzeko eskatuko diete herritarrei, inguruko saltoki batean erosketak egiteko aparkatuta dagoela adieraziko baita diskoaren bitartez.
Diskoa autoan bertan eraman ahal izango dute bezeroek. Egitasmoan parte hartzen duten saltokiren batean eskuratu dezakete bezeroek, eta horiek zeintzuk diren jakiteko, diskoaren irudia duten kartelak ezarriko dira saltoki horietan.
Erreserbatutako aparkaleku horietan, diskoaren irudia daraman seinale bertikala jarriko dute. Zehazki, ondorengo kaleetan eskainiko dute zerbitzua: Eusko Gudari kalean, Arrantzale kalean, Ibai-ondo ibilbidean, Herriko Plazan, Aita Lertxundi kalean eta Aritzaga kalean, hain zuzen ere.
Orioko Udalak eta Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak elkarrekin aurkeztu dute egitasmoa, eta Orioko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko «urrats bat» dela aditzera eman dute. Era berean, merkataritzari eta ostalaritzari «bultzada ematen jarraitzeko konpromisoa» berretsi dute.