Ospakizunei eta ametsei tiraka

karkara.eus Aktualitatea. 2018ko ekainaren 8a

‘Ospakizun gauean’ izenburupean argitaratuko du diskoa abeslari oriotarrak, udazkenean. Disko berriko abesti batzuk emozio karga handia dutela azaldu du.

Argazkia: Iñigo Gaiton/Karkara.eus. Sei urteren ostean, Benito Lertxundik disko berria argitaratuko du udazkenean. Bere diskografiako hamaseigarren lana da azken asteetan grabatu duena. Grabaketak amaitu ditu jada, eta kantu berriak nahasten aritu dira egunotan. Estudioan modu batera entzuten ditu abestiak Lertxundik, eta etxean beste tankera bat hartzen die: «Halakoetan, neroni izaten naiz nire buruaren kontrariorik handiena». Estudioko lanak behin ere ez ditu gustura amaitu abeslari oriotarrak. «Inbidia» ematen diote estudioko lanak amaituta «asebeteta» sentitzen diren musikariek. Oroimenaren oraina diskoa argitaratu zuenetik «behin ere entzun ez» duela aitortu du. Haren hitzetan, estudioan hilabete iraun ohi duen grabaketa prozesuan, erraza da lanean gehiegi murgildu eta perspektiba galtzea. Ospakizun gauean kantu baten izena jarri dio diskoari, eta udazkenean ikusiko du argia. Gaztetan, ospakizun batean zegoela, ordu txikitan izandako esperientzia batean du jatorria izenak: «Bizitza osorako markatu zidan pasadizo hark», dio Lertxundik. Abeslariaren hitzetan, ospakizunek pisu handia dute gizartea antolatuta dagoen eran. «Festa horiek eszenatoki bat izan ohi dute; gehienetan, otzandutako mundu bat. Eta partaide bakoitzak, rol bat; kanpotik ezarria edo norberak aukeratua. Festa hartan, karga handia kendu nuen gainetik». Besteek ezarritako bideari uko egin eta bereari ekin ziola azaldu du Lertxundik. Naturalki gauza batzuk gustatzen zitzaizkiola dio Lertxundik, baina bere orduko baloreen arabera, ukatu egin behar zituen. Gau hartan «motxila harrika» bota zuela dio. «Besteek gutaz duten ikuspegiak asko baldintzatzen gaitu. Ospakizuna metafora gisa erabiltzen dut, bizitzan gure rola zein den asmatzen pasatzen dugula adierazteko». Ospakizun horren bitartez, preso harturiko mentalitateen mundua irudikatu nahi izan du abeslariak. Besteek esango dutenaren beldurrik izan gabe «norberaren lemari eustea» aldarrikatu nahi du Lertxundik. Ospakizunei tiraka ez ezik, ametsei tiraka ere sortu omen du melodiarik. Neguko lan egun bat amaitu ondoren, ohera sartu eta amets bat izan zuen. «Hileta batean nengoen, zimitorion, Orioko eliza betea zegoelako. Ilunabarra zen, egoera maitekorra zen oso, ilisik egon arren, denon arteko afektua handia baitzen. Halako batean, elizatik entzuten zen abestian nire ahotsa identifikatu nuen», aitortu du Lertxundik. Goizean, oharkabean, doinu hori zuen ezpainetan, eta gosaldu ostean estudiora igo eta eginda zituen testu batzuekin probatu zuen doinua. Ez zitzaizkion ongi egokitzen, eta azken aukera batekin egin zuen proba. Letra aurrenekoan kantatu zuen osorik, goitik behera. Disko berriko abesti batzuk «emozio karga handia» dute oriotarrarentzat. Sorkuntza prozesuan «hunkidurak» izan ditu, eta kantuak etxean bakarrik kantatzerakoan, kolpetik etortzen zaio burura «paisaia emozionala». Aspalditik bere memorian daramatzan une asko etortzen zaizkio gogora paisaia horietan: «Umetan moilan ikusten nituen marinel hilak eta beren familien negarrak, Mendibeltzen edertasuna ibaia azpian duela, itsasadarra...». Disko berrian badira itsasaldeko lurrina duten kantuak, eta «nostalgiaren islatze» bat dagoela dio Lertxundik. Bere taldeko musikariei «askatasun handia» emango lieke abeslariak, baina hori egiten ez dakiela uste du. Haren hitzetan, zaila da neurria hartzen: «Kantuaren muinean sartzen naiz, nire intuizioari segika. Abesti bat sortzen dudanean, kantu horrek esentzia bat du nire buruan, eta berezkotasun hori ez kentzen saiatzen naiz». Ahotsa gero eta grabeagoa du Lertxundik, eta horretara egokitzen ordu asko eman dituela dio. Bere ahotsaren estetika «distantzia motzekoa» dela iruditzen zaio, eta orain gutxi lau kantu tonu erdi jaitsi ditu. Lertxundiren arabera, hamarkada askotan musikariak «traketsak» izan dira kontratuak eta halakoak sinatzerakoan. Kantuak ia opari eman dituztenaren sentsazioa du, eta horregatik, autoproduzitu egin dute diskoa. Hala, sortu berri duten zigilupean argitaratuko dute. Konplexua izan da prozesua: «Azken finean, enpresa bat sortzearen antzekoa da prozesu burokratikoa. Orain arte ezezagun zitzaizkien lanak egitea tokatu zaie, eta konplikazioak izan arren, «esperientzia ona» izaten ari dela uste du; batez ere bere alabarentzat: «Gratxina musika munduan sartu da ikaskideekin batera, eta haiek arduratuko dira gure promozio eta produkzio lanez». Lana edo jarduera neke fisikoarekin lotzen duten ikuspegi primario batzuk badirela iruditzen zaio Lertxundiri, neke fisikoa «existituko ez balitz bezala». Jendeak elikatzeko azokan tomateak erosten dituen bezala, beraiek «janari espirituala» egiten dutela azaldu du Lertxundik; arima indartzeko. Jendearentzat beharrezkoa dela uste du: «Nire kontzertuetara sartzeko ilarak ikusten ditudanean, argi ikusten dut hori. Hogei eurotik gora ordaintzen dira sarrerak. Zergatik? Jendeak esperientzia hori bizitzeko gogoa edo beharra duelako». «Hainbeste estimuluz inguratuta bizi garenean», bada begi bistatik galdu ezin den gauza bat abeslari oriotarrarentzat: gure pentsamendua. «Hori da kultura, benetakoa, pertsonari hazten laguntzen diona. Aipatu dituzun inertzia horiei erresistemtzia puntu bat jarriko dien pentsamendua. Horretarako aktibatu behar dira jendearen gaitasun kreatiboak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide