Argazkia: Karkara.eus.
Apirilaren 18an Bilbon Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu ondoren, tokian tokiko taldeak aurkezten ari dira asteotan. Orion, ordea, hamaikakoaren ordez, egitasmoaren aurpegia osatuko duen hamalau laguneko taldea osatu dute. Orio arraun elkarteak antolatutako Garagardo Azoka baliatu zuten larunbatean taldea jendaurrean aurkezteko.
Jon Agirresarobek gidatu zuen ekitaldia, eta hamalaukoa osatuko duten
ahobizi eta
belarriprest-en berri eman zuen. Nadeth Agirre Arrutik, Miren Etxeberria Guridik, Marijo Salsamendi Goñik, Leire Fernandez Elgorriagak, Oihan Gozategi Urbietak, Iñigo Exposito Murillok, Maria Jesus Elortza Lekuberrietak eta Amayi Loidi Iraolak hartu dute 11 egunez ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa.
Belarriprest-ak, aldiz, Elena Baylin Zaldua, Richard Diatta, Josep Roig Fabregas, Jaime Colado Gutierrez, Miguel Miera Garcia eta Bakartxo Begiristain Puertas izango dira; euskara dakiten guztiak euskaraz egitera gonbidatuko dituzte.
Hamalauko gehiago
Hamalau kideko taldea izango da egitasmoaren aurpegia, baina ez dira konpromisoa hartuko duten oriotar bakarrak izango. Hain zuzen ere, kide bakoitzak bere hamalauko propioa osatzeko erronka izango du. Bigarren zerrenda hori, ordea, ez da publikoa egingo.
Nolanahi ere, larunbateko aurkezpenarekin herritarrak egitasmoan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte.