Bihar hasi eta igandea bitartean ospatuko dute Orio Arraun Elkarteak antolatutako 6. Garagardo Azoka. Askotariko ekitaldiak izango dira asteburu osoan zehar. Bihar arratsaldean egingo dute irekiera ekitaldia, ohi bezala, Mirotza Saria emanez. Herriko plazan jarriko dute karpa.
Erretiroa hartu berri duten Leire Olaberria eta Haimar Zubeldia txirrindulariei emango diete aurten saria. Iaz erretiratu zen Zubeldia, 20 urtetik gorako ibilbide profesionalaren ondoren. Olaberriak, aldiz, duela bi urte eskas hartu zuen erretiroa, baina lehiara itzuli zen zortzi hilabete geroago, Gipuzkoa Ogi-Berri taldearekin. Bi txirrindularien ibilbideari aitortza egin nahi diete arraun elkarteko kideek.
Garagardo Azoka herrian «finkatuta» dagoela uste dute elkarteko kideek. Ekimenaren bitartez, herritarrengana «gerturatu» nahi dute, elkartearentzat etekin ekonomikoa ateratzeaz gain.
Garagardo bereziak dastatzeko aukera izango dute bertan herritarrek. Edariaz gain, Alemaniako jakiak ere prestatuko dituzte, bertan jateko edo nork bere etxera eramateko. Besteak beste, txerri ukondoa, saltxitxak eta patata purea emango dituzte otorduetan. Ondoren, musika taldeen emanaldiak izango dira, eta 01:00ak arte luzatuko dute festa.
Larunbata izango da egun indartsuena. 11:00etarako irekiko dute karpa, eta Easo Motor desafioarekin emango diote hasiera egunari. 18:00etan, Gipuzkoako Aulki Mugikorreko arraunketa olinpikoko lerroz lerroko txapelketa izango da, Oria ibaiko uretan. 1.500 metroko ibilbidea egingo dute jubenilek, kadeteek eta absolutuek; infantilek eta beteranoek, berriz, 1.000 metro egingo dituzte arraunean. Festan jarraituko dute gero, Fan&Go erromeria taldearekin.
Orio Arraun Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie udalari, Murgil Eraikuntzak eta Zipri Edariak enpresei eta Babyauto arraun elkartearen babesleari.
6. Garagardo Azoka
Ekainak 1, bihar
19:00. Irekiera ekitaldia. Mirotza Saria emango dute .
21:30. Bide Batez taldea.
Ekainak 2, etzi
11:00. Easo Motor desafioa.
18:00. Aulki Mugikorreko Gipuzkoako Txapelketa.
Ondoren, Fan&Go taldea.
Ekainak 3, igandea
18:30. Berdin-Berdinak taldeko arraunlarien aurkezpena.
19:00. The Willow taldearen emanaldia.
Euskaraldiaren hamalaukoa aurkeztuko dute
Orio Arraun Elkarteak urtero antolatzen duen Garagardo Azoka baliatuko du Orioko Euskaraldiaren lantaldeak hamalaukoaren aurkezpen ekitaldia egiteko. Herriko plazan izango da larunbatean, 13:00etan hasita. Bertan jakinaraziko da nortzuk osatzen duten hamalauko hori.
Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak erabaki du ekimenaren aurpegia osatuko dutenen taldea ez izatea hamaika lagunekoa, beste herrietan bezala, baizik eta hamalaukoa. Traineru bat osatzea, alegia, patroi eta guzti.
Herriko hamalau lagunek osatuko dute, Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest izatea erabaki dutenak. Beren erabaki hori publiko eginez, gainerako herritarrak animatuko dituzte parte hartzera eta, nolabait ere, ekimenaren enbaxadore eta bistako aurpegiak izango dira Orion, Euskaraldiaren berri emanez. Bestalde, lau orduko prestakuntza-saioa egingo dute egun berean, goizez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesuei buruz.