Mikel Larrañagak Urrezko Banakako Aizkolari txapelketaren finala jokatuko du

Urola Kostako Hitza 2018ko maiatzaren 14a

Atutxari aurrea hartuta lortu zuen azpeitiarrak txartela, Leitzan zapatuan jokatutako finalaurreko saioan. Eneko Otaño beizamarra, aldiz, finalaren atarian gelditu da.

Mikel Larrañaga, Urrestillako kanporaketa saioan. (Mailo Oiarzabal) Mikel Larrañaga azpeitiarrak Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariaren finala jokatuko du. Joan den zapatuan jokatu ziren txapelketaren bi finalaurreko, Berrizen (Bizkaia) eta Leitzan (Nafarroan). Saio bakoitzean lau aizkolari lehiatu ziren, eta bi irabazleek lortu zuten ekainaren 3an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den finalerako sailkatzea: Iker Vicentek Berrizen eta Larrañagak Leitzan. Azpeitiarrak ezustekoa eman zuen Leitzako finalaurrekoan, Aitzol Atutxa txapeldunari aurrea hartu baitzion; Jon Rekondok eta Donato Larretxeak osatu zuten finalaurreko horretako laukotea. Berrizen, aldiz, lehiatik kanporatua izan zen Eneko Otaño beizamarra, finalaurrekoaren lehen bi postuetan sailkatzerik ez baitzuen lortu. Izan ere, Larrañagarekin eta Vicenterekin batera hirugarren aizkolari bat ariko da Azpeitiko finalean. Hirugarren lehiakidea lehen bi finalaurrekoetan bigarren tokian gelditu ziren Atutxaren eta Mugertzaren arteko huruz burukoan erabakiko da, Galdakaon (Bizkaia), datorren asteburuan. Harri-jasotzaileak Urrezko Binakako Harri-jasotze txapelketaren saioak ere jokatu zituzten zapatuan Berrizen eta Leitzan, eta bietan aritu ziren eskualdeko kirolariak. Berrizen, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrak eta Inhar Urruzuno ondarroarrak 8.975 kilo altxatzea lortu zuten bien artean; Leitzan, berriz, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak eta Aimar Galarraga oriotarrak 8.301 kilo batu zituzten. Bi saio falta dira ekainaren 3ko finalean zein bi bikote lehiatuko diren erabakitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide